Bigarren hiruhilekoan
11.300 pertsona gutxiago langabezian, EAEn
Erredakzioa
2014/07/24
Nafarroa eta EAE dira Espainiako Estatuan langabezia-tasa txikiena duten erkidegoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Langabezia-tasa % 6,34 jaitsi da EAEn aurtengo bigarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta (hau da, 11.300 pertsona gutxiago daude lanik gabe), Espainiako Estatistika Institutuak (INE) kaleratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.
EAEko langabezia-tasa % 16,33koa da, Espainiako Estatuko txikienetakoa. Nafarroak du baxuena: % 15,88koa.
Urteko bigarren hiruhilekoko datuak oinarri hartuta, 2.400 langabe gutxiago (% 1,42 gutxiago) zenbatu dituzte Euskadin. Guztira 167.500 pertsona daude lan barik.
Espainiako datuak
Espainiako Estatuan, langabezia % 5,2 (310.400 pertsona) jaitsi da bigarren hiruhilekoan. Jaitsiera handiena da INE datuak biltzen hasi zenetik.
Orotara, 5.622.900 pertsona daude lanik gabe Estatuan. 2006. urtetik izan den datu txikiena da.
Azken urtean, langabezia % 7 jaitsi da; portzentaje handiena 1999. urtetik.