Mondragon Korporazioa
Catari saldu dio epaileak Fagor Etxetresnak
Erredakzioa
2014/07/29
Konpainia kataluniarra faboritoa zen, eskaintza onena aurkeztu zuelako: 42,5 milioi euro eta 705 lanpostu zuzen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiako Merkataritza arloko 1. epaitegiak Cata konpainiari saldu dizkio Fagor Etxetresnak kooperatibaren aktiboak.
Enpresa kataluniarra faboritoa zen, eskaintza onena aurkeztu zuelako, 42,5 milioi euro eta 705 lanpostu zuzen sortzea, hain zuzen ere.
Catak prentsaurrekoa deitu du gaur arratsalderako (16:30), bere plan industriala azaltzeko.
Hasieran, sei enpresak agertu zuten Fagor Etxetresnak erosteko asmoa (Cevital, Cata, Ecomac, Taurus, Ariston eta Amica), baina azken enkantean hiruk baino ez dute aurkeztu eskaintza: Cevital, Cata eta Ecomac. Azken horrek, baina, Endesak Basaurin duen lantegia baino ez zuen erosi nahi.
Catak 42,5 milioi euro eskaini zituen Fagor Etxetresnaken ekoizpen unitate guztien eta beste hainbat aktiboren (kredituen sekzioa, kasu) truke.
Halaber, lehen urtean 1.954 lanpostu sortzea aurreikusten du. Horietatik, 705 zuzenekoak izango dira, eta beste 1.249ak, zeharkakoak, azpikontraten bitartez. Laugarren urtean, enplegu zuzenak 840 izango dira.
Konpainia kataluniarrak Fagor, Edesa, Aspes eta Splendid markak mantenduko dituela aurreratu du.
Lantegi guztiak zabalduko dituzte, Basaurikoa barne
Epaileak azaldu duenez, Cataren eskaintza Cevitalena eta Ecomacena baino "zabalagoa" zen, ekoizpen unitate guztiak berriz martxan jartzea aurreikusten baitu.
Horren haritik, Eskoriatzan, Arrasaten, Bergaran eta Basaurin dauden lantegiak zabaltzea ekarriko du Cataren eskaintza onartu izanak.
Aitzitik, Cevitalek ez zuen Edesak Basaurin duen lantegia nahi.
Epailearen esanetan, gainera, Cevitalek hainbat etxetresnaren ekoizpen unitateak Aljeriara eraman nahi zituen, duela astebete Sergio Treviño konpainia horretako presidenteak aitortu zuenez.
Azkenik, Fagor Etxetresnak hartzekodun publikoekin (Ogasuna, Gizarte Segurantza eta FOGASA) dituen zorrak ez dituela Catak ordaindu behar ebatzi du epaileak.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)