Uztaileko KPIa
Prezioek behera egin dute Hego Euskal Herrian uztailean
Erredakzioa
2014/08/13
Kontsumorako Prezioen Indizearen urte arteko tasa sei hamarren jaitsi da uztailean EAEn, iazko hil bereko datuekin alderatuz, eta % -0,1ean kokatu da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) sei hamarren jaitsi da uztailean Euskal Autonomia Erkidegoan, iazko hil bereko datuekin alderatuz, eta urte arteko tasa % -0,1ean kokatu da, gaur Espainiako Estatistika Institutuak jakitera eman duenez. Prezioek % 0,9 egin dute behera ekainetik uztailera eta inflazioa % 1,1 jaitsi da aurtengo lehen zazpi hilabeteetan.
Estatu mailan ere behera egin du KPIak. Oro har, % 0,3 egin du behera uztailean, 2009ko urritik izandako jaitsiera nabarmenena.
Urte arteko tasa negatiboa izan da Estatuko erkidego guztietan, baina jaitsiera handiena Nafarroan izan da (% -1ean kokatu da, zortzi hamarren jaitsi ondoren). Jarrian Gaztela-Mantxa (% -0,8), Gaztela eta Leon (% -0,5) eta Euskal Autonomia Erkidegoa (% -0,1) agertzen dira.
Lurraldeka, urte arteko indizea balore negatibotan kokatu da Gipuzkoan (% -0,2), Araban (% -0,2) eta Bizkaian (% -0,1).
Ekaineko datuekin alderatuz, Araban prezioak % 1,1 jaitsi dira, Bizkaian % 0,9 egin dute behera, eta Gipuzkoan, berriz, % 0,8. Urteko lehen zazpi hilabeteetan prezioek behera egin dute hiru erkidegoetan: % 1,2 Bizkaian, % 1,1 Araban eta % 0,9 Gipuzkoan.
Estatistika Institutuaren arabera, batez ere garraio, etxebizitza, argindar, arropa eta erregaien sektoreek eragin diote beherakada horri.