Itxi

Itxialdiak eta kontzentrazioak

Sindikatuen mobilizazioak, Osakidetzari 'proposamen serioa' eskatzeko

Erredakzioa

2014/09/18

Jon Darponen hitzetan, ez da “benetako arrazoirik” Osakidetzako sindikatuak proposatzen ari diren protestetarako, “gaur egun ez delako ezberdintasunik” iaz langileek zituzten baldintzekin alderatuta.

Langileen protesta, Gurutzetako ospitalean. Argazkia: EiTB

Osakidetzako sindikatuek mobilizazioak abiatu dituzte Eusko Jaurlaritzak Osasun alorrean egin dituen murrizketen kontra, eta jarrera aldatzeko eta mahai sektorialean "proposamen serioa" aurkezteko deia egin diote Osasun Sailari.

Gurutzetako ospitaleko langileek kontzentrazioa egin dute Barakaldoko osasun zentroaren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek EAEko ospitaleetan deitu dituzten itxialdiekin bat eginez.

Peio Igeregik (ELA) kontzentrazioan bertan azaldu duenez, astelehenean Jaurlaritzak mahai sektorialean aurkeztu zien proposamena "iraingarria" izan zen, eta "errespetu falta" izan zen "proposamen seriorik egin ez izana".

Igeregiren arabera, langileei geratzen zaien bakarra mobilizazioa da, eta "urriaren 30etik aurrera Osakidetzak jarrera aldatzen ez badu eta proposamen serio bat egiten ez badie", lanuzteak abiatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak osasun publikoan 200 milioi euroko murrizketa egin duela, 3.000 pertsona baino gehiago kaleratu dituela eta 8.000 langile behin behineko kontratuarekin daudela salatu du.

Gogora ekarri duenez, gaurko mobilizazioak "lehenengo pausoa" izan dira, eta urriaren 4an jarraituko dute, EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzten manifestazioekin, osasun publikoaren kalitatea hobetzeko, lanpostuak sortzeko eta lan-baldintza "duinak" edukitzeko asmoz.

Protestarako “benetako arrazoirik” ez dela uste du Darponek

Jon Darpon Osasun sailburuaren hitzetan, ez da “benetako arrazoirik” Osakidetzako sindikatuak proposatzen ari diren protestetarako.

Sailburuak azaldu duenez, “hau ez da lan-borrokarako garaia, sindikatuak bultzatzen ari diren moduan”, “ez delako horretarako benetako arrazoirik”. “Gaur egun ez da ezberdintasunik Osakidetzako langileen lan-baldintzetan, iaz zituztenekin alderatuta”, azpimarratu du.

Euskal Osasun Zerbitzuaren helburua “publikoa eta kalitatezkoa bezala mantentzea” dela “inork ahaztu ez beharreko” gauza dela adierazi du sailburuak.

Darponek adierazi duenez, sindikatuek “badakite Osakidetzak negoziaziorako ateak irekita mantentzen dituela, eta eskaintza garrantzitsu bat egin duela”. Azaldu duenez, eskaintza horrek “Jaurlaritzari esfortzu ekonomiko bat eskatzen dio, eta, ondorioz, herritarrei”, gaineratu du.