Elkarrizketa
Aburto: 'Hiru urte beharko dira enplegua modu nabarmenean hazteko'
Erredakzioa
2014/11/24
Adierazle makroekonomikoek datorren urteari begira %2ko hazkundea aurreikusten dutela gogoratu du Aburto sailburuak. “Hazkunde-tasa horrekin, lortuko den enplegu datua oso txikia izango da”.
“Hiru edo lau urte igaro beharko dira” Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu kopuru “handiak” sortu ahal izateko, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuaren hitzetan. Horrez gain, enpresen “benetako erantzukizun soziala” lan-merkatuan gazteak sartzea izan beharko litzatekeela gaineratu du.
Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, adierazle makroekonomikoek datorren urteari begira %2ko hazkundea aurreikusten dutela gogoratu du. “Hazkunde-tasa horrekin, lortuko den enplegu datua oso txikia izango da”, azaldu du.
Horren harian, “hiru edo lau urte igaro beharko dira” lanpostu zifra “handiak” lortzeko.
Gazteen langabezia-tasaz ere aritu da Aburto: eurogunean % 23koa, Euskadin % 34koa eta Espainiar Estatuan, berriz, % 54koa. Datuak “ikaragarriak” direla onartu du eta gazteei “mezu arriskutsua” helarazten ari dietela gaineratu du: “lanean ez dituztela ikusi nahi esaten ari zaie gazteei”.
“Bere etorkizunean pentsatzen ari den gizarte honetan, hurrengo belaunaldia ez dago bermatuta”. Pentsioen sistemak eta babes sozialak “oztopo handiak izango dituzte gazteak lan-merkatura sartzen ez badira”, Enplegu sailburuaren ustez.
Gizarte laguntzak
Bestalde, Diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko modua “gero eta hobea” dela adierazi du Aburtok, “laguntzak gehien behar dituztenei ematen zaizkielako”. Hala ere, “gehiago hobetzeko” tartea badagoela onartu du.
Euskadi “erreferentea” da Podemos-Ahal Dugurentzat, Aburtoren hitzetan. Gizarte laguntzak jasotzeko baldintzak gogortzea ez du aurreikusten sailburuak.
Mahai Sozialaren bilera
Mahai Sozialaren hurrengo bilera “datorren astean” egitea nahiko luke, nahiz eta lantaldea “herren” jaio zela onartu, ELA eta LAB ez direlako batzar horretan izango. Hala ere, aztertu beharreko “gai garrantzitsuak” badaudela azpimarratu du Enplegu arduradunak.
Elkarrizketa “mugatuagoa” izango dela eta adostutako akordioek “zilegitasun ezberdina” izango dutela azpimarratu du Aburtok.