Itxi

Manifestazioa

Ehunka lagun Gasteizen, 'benetako' industria-politika baten alde

Erredakzioa

2020/05/15

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu dute martxa, 11 enpresaren itxiera eta 2.000 langileren kaleratzea salatzeko. Lan-gatazkatan dauden enpresak egon dira, tartean General Cable eta Arcelor Mittal.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ehunka lagun bildu dira larunbat honetan Gasteizko kaleetan, EAEn ''benetako'' industria-politika bat aldarrikatzeko. ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu dute martxa, 'Benetako politika industriala orain. En defensa del empleo' lelopean. Mobilizazioan, gainera, 11 enpresaren itxiera eta 2.000 langileren kaleratzea salatu dute.

Egun enplegu erregulazio txosten baten baitan dauden hainbat enpresetako langileak izan dira martxan, besteak beste General Cable eta Arcelor Mittal enpresetakoak. Guztira, 16 lantegitako enpresa batzordeek egin dute bat deialdiarekin, tartean Alestis, Arkema, Candy, Condesa, Corrugados Azpeitia, Ecn Cable Group, Fundiciones Wec, Laminaciones Arregui, Tepsa, TS Fundiciones, Bionor, Cegasa, Orozko, Castimetal eta Servimax.

Ekitaldian zehar, sindikatuek enpleguan eta inbertsio publikoetan oinarritutako ‘’benetako industria-politika bat aldarrikatu dute, desindustrializazioarekin bukatzeko''. Halaber, ‘’murrizketa neurriak’’ bideratu eta aldi berean 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza plana bezalakoekin ''propaganda egitea'' egotzi diote Jaurlaritzari.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Txiki Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du enplegu galeraren aurka borroka sindikala dela bidea. ‘’Ez dugu ikusten Jaurlaritzak industria-politika erreala duenik. Egunerokotasunean, patronalari ematen dio babesa, soldaten murrizketan; hirugarren munduko eredua da, eta horrela ez da industria jarduera sustatzen’’, adierazi du.

Bestalde, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, enpleguaren % 10 suntsitu da Araban azken sei urteotan, eta industria arloari dagokionez, % 30. ‘’egun 11 enpresa daude ixtear, bideragarriak izan daitezkeenean eta izan behar dutenean’’, gaitzetsi du. 2.000 enplegu arriskuan daudela salatu du LABeko ordezkariak, eta Arabako erakundeei leporatu die ezer eraginkorrik ez egitea.