Itxi

Langabezia datuak

Sindikatuek salatu dute sortutako enplegua kalitate eskasekoa dela

2015/01/05

LABek eta CCOOk azpimarratu dute langabeziaren beherakada oso txikia izan dela, eta UGTk gogorarazi du sortutako enplegua aldi baterako eta partziala dela.

Sindikatuek zuhurtziaz hartu dituzte langabezia datuak, uste baitute beherakada txikia izan dela eta sortu den enplegua kalitate eskasekoa dela, aldi baterako eta partziala.

LABek azpimarratu du "oso arriskutsua" izango litzatekeela "enplegu suntsiketak hondoa jo duela esatea", izan ere, "dozenaka enpresatan daude itxieraren eta kaleratzeen mehatxua".

Prentsa ohar batean adierazi duenez, langabeziaren beherakada "txikia eta ez da nahikoa" krisia hasi zenetik Hego Euskal Herrian "112.000 lagunek enplegua galdu dutela kontuan izanda".

Sindikatu abertzalearen ustez, enplegua sortu baino gehiago, "dagoen enpleguaren banaketa desegokia dago, jardunaldi partzialetarako kontratazioak ugarituta".

Abenduan sinatutako kontratuen % 93,6 aldi baterako izan zirela eta epemugarik gabeko kontratuen kasuan % 41a jardunaldi partzialenak zirela salatu du.

Bestalde, CCOOk azpimarratu du langabeziaren beherakada "oso eskasa" izan dela, eta EAE dela "Estatu osoan beherakada txikiena izan duena".

UGT ere Espainiako Estatuan sortzen diren lanpostu gehienak aldi baterako, jardunaldi partzialekoak eta azpienplegua direla kritikatu du.

Sindikatu espainiarrak uste du susperraldia lortzeko kalitatezko enplegua behar dela, "eskubideak aitortzen dituena", eta horretarako ezinbestekotzat jo du enplegua sustatzeko politikak eta lan bitartekaritza.