Aurreikuspen ekonomikoak
Nafarroa % 2,1 haziko da 2015ean, Merkataritza Ganberaren arabera
Erredakzioa
2015/01/13
Datu baikorrak eman ditu egoera ekonomikoaren txostenean, baina Nafarroako ekonomia oraindik suspertu ez dela azpimarratu dute.
Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera aurreikuspen baikorrak egin ditu hasi berri dugun urteaz. Hala, Foru Erkidegoko ekonomia % 2,1 haziko dela aurreikusi du, iragarritako hazkundea baino % 0,1 gehiago; hori bai, susperraldiaz hitz egin ezin daitekeela azpimarratu du.
Ganberako eta Laboral Kutxak hiru hilabetean behin egiten duten egoera ekonomikoaren txostena eta gaur 2014ko balorazioa eta 2015eko aurreikuspenak zeintzuk diren azaldu dituzte. Javier Taberna Ganberako presidenteak prentsaurrekoan agertu duenez, 2014ko azken hiruhilekoan % 0,5 hazi da Nafarroa, eta 2013ko epe berarekin alderatuta, % 1,8. Jarduera ekonomikoaren hazkunde honek ez du, baina, prezioetan eraginik izan, eta KPIak eta prezio industrialen indizeek hazkundea "ahula" dela agerian utzi dute, betiere Ganberaren arabera.
2014ko azken txanpa horretan, zerbitzuen (% 1,7) eta industriaren (% 4,1) gorakada aipatu dute Nafarroako Merkataritza Ganberako arduradunek. Arlo industrialean, metalgintzaren indarra nabarmendu du Tabernak: "gure ekonomiaren motor nagusia izaten jarraitzen du", agertu du. 2015ean ere egonkor mantenduko da, txostenaren arabera.
Itxaropentsu agertu dira enpresa nafarrak 2015erako. Konpainien % 86k uste dute euren emaitzak, enplegu maila eta inbertsioak 2014an izandakoen tankerakoak edo handiagoak izango direla.
Datu baikor hauek gorabehera, arriskuak egon badaudela ohartarazi du Nafarroako Ganberak. Hala nola, Eurogunearen hazkunde txikia, Greziako ekonomiaren ziurgabetasuna eta horrek Europan duen eragina edo KPIaren eboluzioa.