Itxi

Finantziazioa

Tapiak 3 milioi bideratuko ditu enpresa bideragarriak ez erortzeko

agentziak | erredakzioa

2015/04/21

Bestalde, 5,5 milioi euro jarriko ditu euskal enpresen nazioarteratzean laguntzeko.

Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua. Argazkia: Efe

Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euroko egitasmo bat jarriko du abian zortzi urteko krisi ekonomikoaren ostean "muturreko egoeran" dauden enpresa txiki eta ertain bideragarriei "erortzen ez uzteko".

Gobernu Kontseiluak "Bideratu berria" programa onartu du, eta Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak azaldu du helburua "lehiakortasuna bermatua duten" eta "oso egoera zailean dauden" enpresak errentagarri egiten laguntzea dela.

Laguntzak dirua aurreratzeko modua izango dira, eta gehienez enpresaren berregituraketa neurrien kostu osoaren erdira iritsiko dira, eta ez dituzte milioi bat euro baino gehiago emango.

Tapiaren esanetan, euskal enpresa txiki eta ertainak daude "lehenbailehen" laguntza behar dutenak proiektuak bideragarri izaten jarraitzeko, "sal dezaketen produktua dutelako, baina finantziazio eta berregituraketa beharrengatik, oso egoera zailean daude".

Kazetarien galderei erantzute aldera zehaztu duenez, Jaurlaritzak bizpahiru enpresaren eskariak ditu mahai gainean, baldintzak betetzen dituztenen artean.

"Behar zuten guztia egin duten enpresak dira, krisitik irtetear daudenak, baina bultzada txiki bat behar dutenak", gaineratu du Tapiak.

Nazioarteratzea

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Lehian nazioarteratze egitasmoa onartu du. 5 milioi eta erdiko aurrekontua izango du, eta beste merkatu batzuetara zabaltzen lagunduko die euskal enpresei.

Laguntza horiek jasotzeko, enpresek indarrean izan beharko dute nazioarteratze egitasmoa, eta % 50a laguntza horien bidez ordaindu ahal izango dute.

2014ko deialdian, 611 euskal enpresak eskatu zuten laguntza hori, eta 358k eskuratu zuten. Gehienek (269) negozioak zituzten atzerrian, baina merkatu horiek egonkortzeko edo zabaltzeko asmoa zuten.

ko asmoa zuten.