Itxi

INE-ren inkesta

Hamar familiatik batek ezin du seme-alaben urtebetetzea ospatu

Agentziak | Erredakzioa

2020/06/18

Krisiaren eraginez, familien % 6,5ek ezin diete arropa berririk erosi umeei.

Umeen % 11k ezin dute aparteko kirol edo musika jarduerarik egin. Argazkia: EiTB

16 urte beherako umeak dituzten 10 familietatik batek ezin du seme-alaben urtebetetzea ospatu, diru faltagatik. Baliabide gabezia horrek eraginda, gainera, familien % 6,5ek ezin diete arropa berria erosi.

Krisi ekonomikoak kinka larrian utzi ditu familia asko. % 2k ezin diete umeei bi egunean haragi, oilasko edota arrainik eman. Datu kezkagarriok Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelaniaz) plazaratu ditu, Bizi Baldintzen inguruko Inkestan.

Urtebetetzea ezin ospatuta dauden familien kopuruak gora egin du 2009tik. Orduko hartan, familien % 6,5ek ezin zuten ospakizunik egin; 2014an, berriz, familien % 10,4 zeuden halakoak ospatu ezinik. Arropa berria erosteko aukerarik gabe dauden familien kopuruari dagokionez, % 3,8tik % 6,5era pasatu da epe horretan kopuru hori.

Krisiaren eraginez gero eta gehiago dira hezkuntza edo aisialdirako beharrizanak dituzten adingabeak. Hala, eskola orduetatik kanpo kirol edo musika jardueraren bat egin ezin duten umeen kopuruak ere gora egin du: 2009an % 5,5 izatetik 2014an % 11,3 izatera igaro da. Diru-sarrera txikienak dituzten familien artean, ordea, handiagoa da kopurua: % 27,9, hain justu.

Gabezia gehien dituzten umeei dagokienez, Europar Batasunetik kanpokoak (% 34,8) dira zerrendan nagusi, baina EBkoak (% 22,1) eta Espainiako nazionalitatea dutenak (% 8,8) ere ageri dira bertan.

Umeen % 5ek ez dute ez bizikletarik ez patinik, eta umeen % 1,9k ez dute euren adinerako liburu egokirik.