Itxi

Dokumentazioa

Horrela funtzionatzen zuen Nafarroako Kutxak

A. A.

2013/04/10

Erakunde Sortzaileen Batzordeak 20 bilera inguru egiten zituen urtean, eta kideek 1.700 euro kobratzen zituzten batzar bakoitzeko. Barcinak 2.600 jasotzen zituen, erakundearen presidentea zelako.

Yolanda Barcina eta Miguel Sanz. Argazkia: EiTB

Nafarroako Kutxaren eskandaluaren oinarria, batik bat, Erakunde Sortzaileen Batzordea da, kutxa eratu zuten taldeetako kargudun politikoek osatutako elkartea. Kideek jasotako gehiegizko dietek eragin dute CAN auzia.

Zer da Erakunde Sortzaileen Batzordea?

Erakunde Sortzaileen Batzordea 2010ean, Foru Gobernuko kideak CANeko Administrazio Kontseilutik eta Kontrol Batzordetik atera zirenean, sortutako organo aholkularia zen; ez zen betearazlea.

Nork osatzen zuen?

Nafarroako Kutxaren estatutuen arabera, Batzordea CAN sortzeko elkartu ziren kutxak ordezkatuko zituzten kargu politikoek osatu behar zuten. Gobernuko, Udaleko eta Parlamentuko ordezkariek osatu behar zuten.

Yolanda Barcina Batzordearen presidentea eta Enrique Maya Iruñeko Alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilaria, biak UPN alderdikoak, presidenteordeak izendatu zituzten. Horiez gain, organoaren partaide ziren Miguel Sanz Nafarroako eta CANeko administrazio kontseiluaren presidente ohia; Roberto Jimenez (Nafarroako presidenteordea eta UPNkoa); Javier Caballero (Justizia eta Barne Kontseilaria); Jose Iribas (Hezkuntza kontseilaria); Carlos Garcia Adanero, Alberto Catalan eta Samuel Caro UPNren parlamentariak; eta Ana Elizalde, Iruñeko Udaleko zinegotzia.

Nafarroako Kutxaren estatutuen arabera, Batzordea CAN sortzeko elkartu ziren kutxen ordezkariek, kargudun politikoek, osatu behar zuten. Gobernuko, Udaleko eta Parlamentuko ordezkariak izan behar ziren.

Yolanda Barcina izendatu zuten Batzordearen presidente, eta presidenteorde Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilaria, biak UPN alderdikoak. Horiez gain, beste hauek ere baziren organoaren partaide: Miguel Sanz Nafarroako eta CANeko administrazio kontseiluaren presidente ohia, Roberto Jimenez UPNko kide eta Nafarroako presidenteordea, Javier Caballero Justizia eta Barne kontseilaria, Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria, Carlos Garcia Adanero, Alberto Catalan eta Samuel Caro UPNren parlamentariak, eta Ana Elizalde Iruñeko Udaleko zinegotzia.

Zein zen Erakunde Sortzaileen Batzordearen lana?

Batzordeak gai batzuei buruzko txosten ez betearazleak egiten zituen, eta, gutxienez, hiru hilean behin biltzen zen. Gainera, kideek dietak kobratzen zituzten batzar horietara joateagatik.

Erakunde Sortzaileen Batzordeak 20 bilera inguru egiten zituen urtean, eta kideek 1.700 euro kobratzen zituzten batzar bakoitzeko. Barcinak 2.600 jasotzen zituen, erakundearen presidentea zelako.

Zer da Batzorde Iraunkorra?

2010ean sortu zuten arren, 2011ra arte ezagutu ez zen barne organoa zen.

PSNko alderdikide batzuek ere batzorde hori ezagutzen ez zutela adierazi dute. Hala ere, CANeko Funtzionamendu Araudiak jasotzen duenaren arabera, presidenteak eta bi presidenteordeek "Erakunde Sortzaileen Batzordearen Batzorde Iraunkorra osatuko dute eta, hilean behin bilduz edo zehazten den beste bide batez, Kutxaren nondik norakoen berri jasoko dute".

Akten arabera, bilera horietan informazioa besterik ez zuten jasotzen: balantzeak eta banatutako kreditu bereziak.

Nork osatzen zuen?

Yolanda Barcina presidenteak eta Enrique Maya eta Alvaro Miranda presidenteordeek osatzen zuten Batzorde Iraunkorra. Organo hori Erakunde Sortzaileen Batzordea baino gehiago biltzen zen, eta, hortaz, dieta gehiago kobratzen zituzten. Talde horretako kidea ez izan arren, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia bilera batean baino gehiagotan izan omen zen.

Zergatik dira dieta ezkutuak?

Ogasunari dirua deklaratzen zioten arren, lau partaideek eta CANeko goi agintari bakan batzuek bakarrik zuten Batzorde Iraunkorraren berri. Bilera bereziak zirela izenak berak egiaztatzen du: Erakunde Sortzaileen Batzordearen informazio bilerak. Alberto Pascual CANeko idazkaria zenak epaileari azaldu zionaren arabera, izen hori "egunez egun" aldatzen joan zen. Horrez gain, "Miguel Sanzek erabakitzen zuen batzorde bakoitzak noiz bildu behar zuen".

Zergatik dira legez kanpokoak?

Batzorde Iraunkorra ez da 2011ko ekainera arte CANeko estatutuetan agertzen, eta, hortaz, epailearen ustez, data hori oso garrantzitsua da, aurretik egindako bileretan jasotako diru-sariak legez kanpokoak direla erakuts bailezake.