Itxi

CAN AUZIA

Manifestazio jendetsua egin dute Iruñean Barcinaren dimisioa eskatuz

Erredakzioa

2013/06/22

Yolanda Barcinaren dimisioa ez ezik, auzia Iruñean geratzea eta Madrilera ez eramatea ere eskatu dute Kontuz! elkarteak deitutako martxan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka lagun bildu dira Kontuz! elkarteak, Nafarroako Kutxako auziko herri akusazioak, deituriko manifestazioan, eta "Barcina eta UPN kanpora" eta ustelkeriaren aurkako oihuak entzun ahal izan dira martxan. UPNren egoitza aurrera iritsi direnean, manifestariek "lapurrak instituziotatik kanpo" egotea eskatu dute.

Barcinaren dimisioa izan da aldarrikapen nagusia, baina Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatzeaz gain, auzia Iruñean geratzea aldarrikatu dute.

Golem zinemetatik atera da 18:00etan, "Ustelkeriarik ez, CAN auzia hemen ikertzea nahi dugu, Barcina dimisioa" lelopean.

Nafarroako Kutxako ustezko dieta irregularrak ikertzen ari den epaileak auzia Auzitegi Gorenera igorri ostean iritsi da protesta.

Antolatzaileek ez dute parte-hartze datu zehatzik eman nahi izan, baina otsailean egin zuten manifestazioa baino jendetsuagoa izan dela nabarmendu dute (orduan 5.000 lagun zenbatu zituzten).

Erreferentzia gisa, martxa Gaztelu plazara iritsi denean, azken manifestariak oraindik Bakearen plazan zeudela esan dute. Udaltzainek, 5.500 lagun egon direla esan dute.

"Ez da mobilizazio partidista izan", azpimarratu dute antolatzaileek. Manifestazioan alderdi guztietako ordezkariak egon dira, UPNkoak, PSNkoak eta PPkoak izan ezik. Halaber, sindikatuetako kideak, gizarte-eragileetakoak eta kultur arlokoak egon dira.

Patxi Zamora elkartearen bozeramaileak prentsaurrekoan esan duenez, "Nafarroako Kutxa kudeatu zutenek eragindako kalteak eta herritarrekiko azaltzen ari diren gutxiespenak" herritar guztiak batu beharko lituzke.

"Inork ez du dimisioa eman" adierazi du Zamorak "ebidentziak, dieta bikoitz eta hirukoitzak eta epaien irmotasuna gorabehera".

Barcina forupekoa izanik auzia Madrilera (Auzitegi Gorenera) joan daitekeelako kezkatuta azaldu da Zamora, eta "epaiketa hemen egitea da bidezkoena" aipatu du. Hala ere, auzipetzen duten tokian auzipetzen dutela ere, lan egiten jarraituko dutela ohartarazi du.

Azkenik, "Barcinak dimisioa ematea eta era horretan, forupeko izateari uztea" beharrezkoa dela esan du "beste herritar guztiak bezala, pribilegiorik gabe epaileen aurretik pasatzeko". Horixe eskatuko dute hain zuzen ere hilaren 22an.