Nafarroako Kutxa
Kontuzek helegitea jarriko du eta Auztegi Nazionalera begira jarri da
Erredakzioa
2013/10/03
Gainera, oposizioko taldeek, PSNk izan ezik, Parlamentuan Nafarroako Kutxaren auzia ikertzearen alde egin dute, Mari Paz Benito epaileak auzia artxibatu eta gero.
Epaileak auzia ixtea erabaki eta gero, Patxi Zamora Kontuz erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteko ordezkariak ebazpena "espero" zutela esan du, eta "afera ez da bukatu, Auzitegi Nazionalak bere lana egin beharko du. Maratoia da, eta hasi besterik ez da egin", gehitu du, Kontuzek helegitea jarriko duela iragarri aurretik.
Nafarroako Parlamentuan, oposizioko talde guztiek, PSNk izan ezik, Nafarroako Kutxaren aferako ikerketa politikoa egitearen alde egin dute, Iruñeko 3 zenbakiko instrukzio epaitegiak auzia artxibatu eta gero.
Juan Jose Lizarbe sozialistak ez du inolako komisiorik aipatu –PSN behin baino gehiago agertu da ikerketa batzordea eratzearen aurka–, eta epailearen erabakia "logikoa" dela esan du, "ez baitzegoen arrazoirik, behin Auzitegi Gorenak uztailean Nafarroako Kutxako dieten kasua itxita, auziak zabalik jarraitzeko".
Patxi Zabaleta (Aralar-NaBai) eta Maiorga Ramirez (Bildu), berriz, ikerketa batzordea eratzearen alde azaldu dira. Gainera, finantza erakundearen kudeaketan abusuak egin zituzten usteari eutsi diote.
Zabaletak oraindik "ikertu ahal diren" hainbat kontu daudela baieztatu du, ez baitute dudarik kutxaren arduradunen jokabidea "iluna eta ustela" izan dela eta arduradunak beren egitekoan "ondasun publikoen kudeaketari eta politikari dagozkien jardunbideetatik oso urrun" aritu direla.
Enrique Martin PPNko presidentea ere balizko batzordearen alde mintzatu da, Nafarroako Kutxari dagokionez, arlo politikoan judizialean baino interes handiago baitu, auzia artxibatuta dagoenez gero.
Halaber, Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramailearen ustez "zentsua etikoa" epaileen erabakiez haraindi dago.
Azkenik, Manu Ayerdik (Geroa Bai) garrantzia kendu dio epailearen ebazpenari: "Gai judizial hauei begira egoten gara, baina guretzat benetan garrantzitsua dena hau da: Kutxa gabe gelditu gara eta inork ez digu esan hori zergatik gertatu den".
Albisteak (1)
Informazio gehiago (1)
Dokumentuak (1)