Itxi

Ostegunetik aurrera

Bizkaiko gasolindegietako grebari eustea erabaki dute

Erredakzioa

Bilbo

Greba mugagabea hasiko dute Bizkaiko gasolindegietako langileen ostegun honetan. Helburua, zerbitzuguneetako hitzarmena berritzea.

Greba ostegunetan hasiko da. EITB

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek Bizkaiko gasolindegietako langileen greba mantentzea erabaki dute, abenduaren 20tik aurrera. Aldeek ez dute adostasunik lortu negoziazio mahaian, gaur sindikatuek iragarri dutenez.

Bizkaiko zerbitzuguneetako hitzarmena indarrean izan da duela bi urte arte, eta ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek greba deitzea erabaki dute, langileen batzordearen babesarekin.

Greba deitzeko arrazoia lan hitzarmena berritzeko egiten ari diren negoziazioek aurrera egiten ez dutela da, eta horren errua patronalari egotzi diote sindikatuek.

Sindikatuen arabera, egin dituzten bileretan, patronala "gasolindegietako langileek dituzten eskubide apurrak murrizten saiatu da; antzinatasuna kendu, egitekoen kopurua handitu, ordutegien malgutasuna ezarri, mugikortasun geografikoa..."

Ohar batean azaldu dutenez, patronalak ez zuen proposamenik “edota mugimendu handirik” egin atzoko bileran. Greba hasteko bi egun falta direnean, zerbitzu minimoak ez dituztela zehaztu kritikatu dute sindikatuek.

Albisteak (2)