Itxi

Greba mugagabea Bizkaian

Gasolindegietako gatazkak txarrera egin dezakeela ohartarazi dute

Erredakzioa

EITB

Bizkaiko gasolindegietan hirugarren greba asteari ekingo diote gaur. Sindikatuen arabera jarraipena % 80koa ari da izaten.

Greba mugagabea Bizkaiko gasolindegietan

Hirugarren greba asteari ekingo diote ostegun honetan Bizkaiko gasolindegietan, eta bertan bizi duten lan-gatazkak ''txarrera'' egin dezakeela ohartarazi dute sindikatuek.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deituta, greba mugagabea ari dira egiten Bizkaiko gasolindegietan, eta, jarraipena % 80koa ari da izaten, ELA sindikatuaren arabera.

Hirugarren greba astea abiatzear dagoen arren, erregaia lortzeko arazorik ez dagoela jakinarazi dute sindikatuek, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak betetzen ari direla azpimarratu dute. Bizkaian, guztira, 114 gasolindegi daude, eta horietatik 12 gasolindegi ari dira zerbitzu minimoak eskaintzen. Gainera, beste 11 ere zabalik daude, bertan ez baitute greba deialdirik egin.

Sindikatuen arabera, gatazkak oraindik ''nahiko larri'' jarraitzen du, baina gasolindegietako jabeengan jarrera aldaketa sumatu dutela azaldu dute. Sindikatuen hitzetan, erregai konpainiei ''presio'' egiten ari omen dira gasolindegietako jabeak, langileek egindako eskaeren aurrean ''jarrera hauskaitza'' eten dezaten.

Sindikatuek Bizkaiko gasolindegietako lurralde hitzarmena negoziatzea eskatzen dute.

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)