Itxi

2013. urterako aurrekontuak

EAJk Bizkaian nahi duen gauza bera Araban nahi izatea espero du PPk

Erredakzioa

Arabako ahaldun nagusia EAJren eta PPren arteko elkarrizketez mintzatu da; izan ere, lehengo astetik 2013. urterako aurrekontuak onartzeko bilerak egiten ari dira.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia.

Arabako, Bizkaiko eta Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko EAJk eta PPk dituzten negoziazioetan, jeltzaleek Bizkaian nahi duen gauza bera Araban nahi izatea espero du Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak.

Oionen egin duten Diputatuen Batzordearen ostean egin ditu adierazpen hauek De Andresek. EAJk eta PPk 2013ko aurrekontuak onartzeko lehengo astetik dituzten bilerez mintzatu da.

Bizkaiko Aldundian, EAJk PPren abstentzioa behar du gutxienez aurrekontuak onartzeko. Gasteizko Udalean, ordea, Javier Maroto popularrak jeltzaleen babesa behar du proiektua aurrera atera ahal izateko, gutxiengoan gobernatzen baitu.

Arabako Aldundiaren egoera zailagoa da. Bertan, lehengo astean EAJren zuzenketa guztiak sartzeko prest azaldu zen De Andres, baina EAJk aukera baztertu egin zuen eta 2012ko kontuen luzapena proposatu zuen.

Hala ere, jeltzaleen ezezkoa beste akordio batzuk onartzeko "oztoporik" ez dela onartu du Arabako Ahaldun Nagusiak.

Ildo honetan, "jarrera argitzeko" eskatu dio EAJri eta Iñigo Urkulluk krisiari aurre egiteko euskal erakundeetan aurrekontuen inguruko egonkortasunaren alde agin duela ekarri du gogora.

"Agian, gaur bertan EAJk Arabarentzat Bizkaiarentzat nahi duen gauza bera nahi duen ala ez" jakingo dela gaineratu du.

EAJko eta PPko zinegotziak atzo sei orduz bilduta egon ziren eta jarrerak hurbildu zituzten; hori dela eta, gaur bertan itxi daiteke Gasteizko Udalerako akordioa.

Albisteak (3)