Itxi

Ministroen Kontseilua

2014an zergak igotzea baztertu du Gobernuak

Erredakzioa

Espainiako langabezia-tasaren aurreikuspena %26,6ra jaitsi du 2013rako eta 25,9ra 2014rako. Funtzionarien soldata bere horretan utziko duela baieztatu eta pentsioen erreforma onartu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ministroen Kontseiluak 2014ko Aurrekontuetako Legearen proiektua onartu du ostiral honetan. Hazkunde ekonomiko arin bati lotuta, "susperraldiaren aurreneko aurrekontuak" dira, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak azpimarratu duenez. Ondorioz, baztertu egin dute 2014an zergak igotzea.

Datorren urtean, atzeralditik irteten hastea aurreikusi du Gobernuak, aurrerapauso hori moderatua izango bada ere. Hala, BPGa % 0,7 igotzea aurreikusi dute, eta enpleguak ere zertxobait hobera egitea. Izan ere, Espainiako langabezia-tasaren aurreikuspena %26,6ra jaitsi dute 2013rako eta 25,9ra 2014rako.

Datu horiekin, Gobernuak zergak igotzea baztertu du, eta hainbat zergatan jaitsierak ere egingo dituela aurreratu du, bereziki ekintzaileei zuzendutakoak. Edonola ere, PFEZren eta sozietateen zergen behin behineko igoerei eutsiko die.

Aurrekontu "errealistak eta arduratsuak" dira, Saenz de Santamariaren ahotan. "Gastuaren murrizketaren eta hersturaren arteko beharrezko oreka, batez ere Administrazioan, eta susperraldia" bilatzen dute, gaineratu du.

Inbertsio handiago hainbat arlotan

Mariano Rajoy presidenteak aste honetan, Senatuan, defendatu zuenez, aurrekontu hauek inbertsioa aregotuko dute beketan (+%21,5) eta kulturan (+% 17,1).

Gainera, 770 milioi euroko apustu "garrantzitsua" egingo du Gobernuak Etxebizitza Planean (+% 4,8), eta I+Gean 71 milioi euro gehiago gastatuko ditu.

Bestalde, langabezia diru-laguntza ordaintzeko 29.469 milioi euro bideratuko dituzte 2014an, iaz baino % 10,3 gehiago (26.696 milioi euro).

Soldatak bere horretan eta zorraren interesak behera

Cristobal Montoro Ogasun ministroaren hitzetan ''defizit publikoaren murrizketarekin konpromisoa'' duten aurrekontuak dira 2014koak.

Hala, ministerioen gastuak % 4,7 egingo du behera (34.584 milioi euroko aurrekontua izango dute).

Halaber, bere horretan mantenduko dituzte funtzionarien soldatak, baina bermatu egin dizkiete aparteko bi soldatak.

Era berean, % 5,2 egingo du behera zorra dela-eta ordaindu beharreko zenbatekoak.

Aurrekontuen proiektua irailaren 30ean, astelehenean, aurkeztuko dute Diputatuen Kongresuan.

Pentsioen erreforma

Bestalde, pentsioen erreformaren proiektua onartu du ostiral honetan Ministroen Kontseiluak, eta, hala, lege proiektua Kongresura igorriko dute, bertan oposizioaren eta eragile sozialen ekarpenak batzeko asmoarekin.

Albisteak (3)

Bideoak (1)