Gipuzkoako patronala
Adegi: 'Gipuzkoako enpresek hondoa jo dute'
Erredakzioa
Oraindik ere "atzeraldiaren putzuan" daudela eta enpleguaren "hazkunderik" ez dutela aurreikusten nabarmendu du Adegi patronalak.
Gipuzkoako enpresek “hondoa jo dutela” baina oraindik ere “atzeraldiaren putzuan” daudela adierazi du gaur Adegi patronalak. Datozen hilabeteei begira, Adegik ez du enpleguaren “hazkunderik” aurreikusten.
Pello Guibelalde Adegiko presidenteak patronalaren azken txosten ekonomikoa aurkeztu du gaur Donostian. Datozen hilabeteetan enplegua egonkor mantenduko dela adierazi du: “Enpleguak ez du ez gora ez behera egingo”, gaineratu du.
Guibelalderen hitzetan, “susperraldia motela, ahula eta zaila” izango da. Adegiren ustez, produkzioaren igoera “nahitaezkoa” da eta, horretarako, “epe laburrean gehiago eta hobeto lan egin behar da”.
Enpresarien eta sindikatuen artean “konfiantza” berreskuratu behar dela azpimarratu du. “Denok norabide berean egin behar dugu arraun hazkundea lortzeko”.