Itxi

Krisia

Fagor Etxetresnak, bere etorkizuna salbatzeko akordio batetik gertu

Erredakzioa

Kooperatiba bankuekin eta MCCrekin negoziatzen ari da, plan estrategikoa gauzatu ahal izatea ekarriko lukeen finantziazioa lortzeko.

Fagor etxetresnak

Fagor Etxetresnak konpainia bankuekin eta "batez ere" Mondragon taldearekin (MCC) aurreakordioa adostetik gertu dago, plan estrategikoa martxan jarri ahal izateko eta bere etorkizuna salbatzeko.

Konpainiatik aitortu dutenez, aste hau "erabakigarria" izango da, eta ukatu egin dute sozietate anonimo bihurtzea aztertzen ari direla.

Fagor Etxetresnakek ez du baieztatu atzerrian lantegiren bat ixteko asmorik ote duen, plan industriala onartzea eta bazkideei komunikatzea falta delako.

Maiatzean, MCCko kooperatiba guztiek 70 milioi euroko funtsa onartu zuten, Fagor Etxetresnaken krisia gainditzeko. Izan ere, 2007. urtetik, salmentak % 37 jaitsi dira.

Hilabete horretan, 78 milioi euro aurrezteko neurriak hartu zituela azaldu zuen enpresak. Dena dela, "krisiaren bortizkeriaren ondorioz", neurri horiek ez zirela nahikoak izan gaineratu zuen.

Kooperatibak 60,4 milioi euro galdu ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino hiru aldiz gehiago, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) igorritako txostenaren arabera. Sendien kontsumoaren jaitsierari eta eraikuntzaren sektorearen "kolapsoa"ri egotzi zizkien taldeak emaitza txarrak.

Orduan, kooperatiba izatea "lehiakortasunaren aldetik positiboa" dela esan zuen, "elkartasun eta kooperazio mekanismoak abiatzea" errazten duelako.

Prentsa ohar batean, "beste esfortzu bat" egin behar dutela esan du orain Fagor Etxetresnakek: "Aztertzen ari garen mekanismoak oso aurreratuta daude, eta, negoziazioak ondo badoaz, marko indartsua izango dugu plan estrategikoa abiatzeko", gaineratu du.

Fagorrek bost lantegi ditu Estatuan (bi Arrasaten eta bana Basaurin, Bergaran eta Eskoriatzan), eta zortzi Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan. 5.642 langile ditu guztira; iaz baino 1.356 gutxiago.

Albisteak (3)