Itxi

Krisi ekonomikoa Fagorren

Fagor laguntzeko 'fronte guztietan' ari da lanean Eusko Jaurlaritza

Erredakzioa

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, "Jaurlaritzaren esku dagoena egingo dute" Fagor Etxetresna Elektriko kooperatibak bizi duen egoerari konponbidea emateko.

Fagor. Artxiboko irudia

Iñigo Urkullu lehendakariak Fagor Etxetresna Elektriko kooperatibak duen egoeraren inguruan hitz egin du. Azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritza fronte guztietan ari da lanean eta bere esku dagoena egingo du egoerari konponbidea emateko".

New Yorken egin ditu adierazpen horiek Urkulluk, AEBra egiten ari den bidaiaren baitan. Lehendakariak esan duenez, "Exekutiboak Fagor languntzeko lan egingo du, lehen ere egin duen bezala, betiere Mondragon Korporazioaren araudia errespetatuz". "Egoera konpontzeko data garantzitsuak" direla azpimarratu du.

"Fagorrek duen egoera azken hilabetetan ezagutu ditugun hainbat enpresek duten egoera bera da", esan du lehendakariak eta gaineratu du Gobernua lehen egunetik ari dela modu horretako egoerei konponbidea bilatzen, "jaiegunetan ere lan eginez".

 

"Bederatzi hilabete daramatzagu krisiak golpatu dituen euskal enpresen inguruan lanean. Oraingoan Fagor da, Mondragon Korporazioko kooperatiba ", esan du.

AEBra bidaiatu aurretik Fagorren egoera jaurlaritzako hainbat sailen esku zegoela baieztatu du eta arduradunei harremana mantentzen jarraitzea eskaini ziela. Egun hauetan Internet bidez harremana mantendu dutela baieztatu du lehendakariak.

"Mondragon Korporazioa Fagor Etxetresna Elektriko kooperatibaren alde egiten ari den lana ezagutzen dugu. Lan horren baitan, hainbat kooperatibei edo Mondragon Korporazioko zenbait alderdiei eragin diezaieketen araudia jarraitzen ari gara", esan du.

 

Albisteak (2)