Itxi

Krisia Fagorren

Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da

Erredakzioa

Konkurtso Legearen 5.3 artikuluaren babesean, Donostiako Merkataritza arloko Epaitegian jakinarazi du enpresak zorra berregituratu aurreko negoziazioei ekin diela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, Mondragon Korporazio Kooperatiboak (MCC) agiri batean baieztatu duenez.

Konkurtso Legearen 5.3 artikuluaren babesean, Donostiako Merkataritza arloko Epaitegian jakinarazi du enpresak zorra berregituratu aurreko negoziazioei ekin diela.

"Une honetatik aurrera, konpainiak lau hilabetera arteko epea du bere hartzekodunekin akordioa erdiesteko behar diren negoziazio-bideak zabaltzeko. Negoziazio hauek duela aste batzuk hasi ziren Mondragon Korporazioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, banku hartzekodunekin eta gainerako hartzekodunekin, Fagorren jarduera normaltzea ahalbidetuko luketen ordainketei aurre egin ahal izateko", azaldu du.

Fagorrek bere egoeraren berri eman dio arratsaldean Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari.

Zorra kitatzeko finantziazioa lortu ez dutela eta, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da. Hain justu, konpainiako zuzendaritzak Kontseilu Sozialari (bazkideen eta langileen ordezkaritza organoa) jakinarazi dio goizean erabakia.

Pertsona fisiko edo juridiko bat kaudimengabe geratu eta bere zorrei aurre egiteko gai ez denean abiatzen den prozedura juridikoa da hartzekodunen konkurtsoa.

Fagor Etxetresnak enpresari 50 milioi euroko ezohiko ekarpena ez egitea erabaki du MCCk. Mondragon Korporazio Kooperatiboaren hitzetan, kooperatibak "mugan" daude, eta ez dute horrelako esfortzu bat egiteko gaitasunik. Gainera, esfortzu hori ez dela "behin betiko konponbidea" izango uste du enpresak.

Hala eta guztiz ere, MCCk lanpostuak mantentzeko konpromisoa azaldu du, eta baliabide gehiago bideratzeko prest agertu da, soberan dauden langileak eta bazkideak berriz kokatzeko.

Fagor Etxetresnak konkurtsoan ez dagoela azpimarratu du Korporazioak, eta hartzekodunekin negoziatzeko lau hilabeteko epea duela gogorarazi du. Negoziazioa "egitasmoa berriro definitzeko oso garrantzitsua da", erantsi du. Horren harian, ukatu egin du "berehala ixteko asmorik izatea", "eta baita konkurtsoan sartuta egotea ere".

Fagorreko lantegia Arrasaten (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Galerak

2013ko lehen seihilekoan, 60,4 milioi euroko galerak izan ditu Fagor Etxetresnak enpresak, 2012ko epe berean izandakoen hirukoitza. Orotara, 800 milioi euroko zorra du konpainiak.

Egun 5.642 langile ditu, 1.600, Euskadiko lantegietan (bi Arrasaten eta bana Bergaran, Basaurin eta Eskoriatzan). Horrez gain, Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan ere lantegiak ditu etxetresnen atalak. Edonola ere, oraindik ez dago argi langileok zein egoeratan geratuko diren.

Fagor Etxetresnak itota zegoen azken urteetan, bost urte eman baititu mozkinik gabe eta galera handiekin.

Azken urteetan, langileek hainbatetan jaitsi dute soldata. Maiatzean, gainera, MCCko gainerako kooperatibek 70 milioi euroko funtsa sortu zuten, Etxetresnak salbatzeko.

Konpainia eta MCC taldea negoziatzen aritu dira azken asteetan, beste erreskate bat onartzeko, baina azkenean ez da hala gertatu.

Erakundeen erantzuna

Fagor Etxetresnakek "muturreko" erabaki bat hartu izana deitoratu du Eusko Jaurlaritzak, eta bideragarritasun plan "zorrotza eta errealista" egiteko eskatu die Mondragon Korporazio Kooperatiboari eta enpresari.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuaren ahotan, "posible" da Fagorren zati handi bat Euskadin berregituratzea, "lanpostu kopuru handiena mantentzeko".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Fagor Etxetresnak hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartzea "urte honetako albisterik txarrena" da. Horrez gain, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko eta "ondorio ekonomikoak gutxitzeko" helburuarekin, Jaurlaritzak "bere esku dagoen guztia" egingo duela gaineratu du.

Fagor Etxetresnaken jarduera mantentzeko "formulak" bilatzen ari dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, gaur Foru Aldundiko iturriek adierazi dutenez.

Lantegiak, geldi

Astelehenetik aurrera Fagor Etxetresnakeko langile guztiak langabezian geratuko dira. Era berean, lantegi guztietako produkzioa bertan behera geratuko da. Bestalde, Kontseilu Sozialak manifestazioa deitu du ostiralerako.

Bazkideek (55 urtez gorakoek) aurrejubilazioak hartzeko, MCCko beste lantegietan lanean hasteko edo bi urtez langabezia kobratzeko aukera izango dute.

Kooperatibako iturriek jakitera eman dutenez, langileei egoeraren berri emateko bilerak egingo dituzte datozen egunetan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)