Itxi

Krisia Fagorren

Fagor Etxetresnakek jarduera 'errentagarriari' eutsiko dio

Erredakzioa

Horretarako, finantziazio iturri berrien bila ari da enpresa, eta, ohar batean esan duenez, bazkideek zorraren aurrean duten erantzukizunak ez du haien ondare pertsonala arriskuan jarriko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fagor Etxetresnak konpainiak negozio 'errentagarriei' eutsiz ekoizpen jarduera ez eteteko konpromisoa agertu du, eta, horretarako, "finantziazio iturri berriak" bilatu eta "berregituraketa prozesu gogorra" egingo du.

Hartzekodunen aurrekonkurtsoan dagoen enpresaren arduradunek ohar batean azaldu dutenez, finantziazio bide berrien bila ari dira, "hartzekodunen aurrean erantzuteko eta ekoizpen jarduera errentagarriari eusteko"

Idatziak dioenez, erabaki horrek "enpresaren jarduera bultzatuko du, horren berezko duen eredu kooperatiboa indartuta eta babestuta". Konpainiaren arduradunen arabera, "salmenten jaitsiera progresiboak, prezioen beherakadak eta, ondorioz, jasotako mozkin urriek eraman dute Fagor Etxetresnak, horren esparru lehiatuan, egun duen egoera zailera".

Gainera, "eskualdearen garapenarekiko eta enpleguarekiko konpromiso irmoa" agertu du, eta "horri esker, ekoizpen kostu altuagoak dituen herrialdeetan egiten da ekoizpenaren zati handiena, deslokalizazioan oinarritutako eredu ekonomikoa baztertuta".

Fagor Etxekotresnakek azaldu duenez, "ezarritako salmenta helburuak bete ezinda" geratu dira "merkatu nagusietako baten atzerakada nabarmenak" eraginda, eta, horren ondorioz, "hartzekodunekin zituen konpromisoak" ezin izan ditu bete eta hartzekodunen lehiaketaren atarian geratu da.

Testuinguru horretan, "bazkideei egoeraren berri emateko, komunikazio zuzena eta pertsonala lehenetsi" omen du Fagorrek. Egoera berriak Euskadin dauden 2.000 langileri eta munduko beste lantegi batzuetan dauden beste 3.600 behargini eragingo die.

Horiengan izango duen eraginari dagokionez, Fagor Etxetresnakek gogorarazi du "zorrarekiko duten ardura kapital sozialari egindako ekarpenaren araberakoa" dela; beraz, ez dela "arriskuan jarriko bazkideen ondare pertsonala". Hori horrela, "beste edozein merkataritza elkartek duen tratamendu berbera" jasoko dutela azpimarratu du, eta Kooperatiben legea aldatzeko lanean dihardutela.

Fagor Etxetresnakek berretsi egin du "konpainiaren jarduerari eusteko" duen konpromisoa, eta horretarako "negozio errentagarrien aldeko apustua" egingo dutela eta "lehiakortasuna irabazteko berregituraketa prozesua" abiatuko dutela adierazi du.

"Egokitzapena"

Konpainiaren azalpenen arabera, horrek 2012ko abenduan onartu zuten plan estrategikoa aldatzea eskatuko du, "kooperatibaren eredua gaur egungo egoerara egokitzeko eta indartzeko".

Enpresaren ordezkariek azaldu dutenez, hainbat erakunderen aurrean eta Mondragon Korporazioan bertan aurkeztu duten bideragarritasun planean finantziazio beharrak ondo zehaztuta agertzen dira, denborei dagokienez ere, eta "horren berezko dituen elkartasun printzipioei eutsita jardunbideak egungo testuinguru sozial, politiko eta ekonomikora egokitu behar dituen eredu ekonomikoa berrasmatzeko urratsak dakartza idatzi horrek".

Finantzazioa

Bestalde, Korporazioak eta Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza guztiak "konpainiaren bideragarritasuna bermatzeko erabili dira, lehenik eta behin ekoizpen jarduerari eutsiz eta bigarrenik berregituratzeko eta hobetzeko plan estrategiko bat martxan jarriz", oharraren arabera.

Hala ere, laguntza horrek ezin izan du jarduera ekonomikoa bermatu, oharrean deitoratu dutenez, "benetan behar zena baino gutxiago baitzen eta epeak estuegiak baitziren enpresa suspertzeko".

Langileak

Dena den, ontzat hartu du Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Korporazioak "laguntzeko erakutsi duten prestasuna". Langileen egoerari buruz, bere langileen % 80 eta Edesakoak langabezian daude, oharrean irakur daitekeenez, eta Mondragoneko beste kooperatiba batzuetara aldatzen hasi dira dagoeneko.

Euskaditik kanpo, Fagor Brandt Frantziako lantegia eta Fagor Mastercook Poloniakoa geldituta daude, "kooperatibaren zuzendaritzak finantziazioa lortzera bideratu duen prozesuaren emaitzaren zain".

Azkenik, osotasunari begira, Fagor Etxetresnakek bere marka guztien jarduera guztiak merkatu guztietan aktibo dituela erantsi dute. Halaber, salmenten osteko zerbitzu guztiak eta produktu guztien bermeak ere indarrean daudela adierazi dute.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)