Itxi

Nafarroako aurrekontuak

Barcinak bi astez luzatu du aurrekontuak aurkezteko epea

Erredakzioa

Legeak jasotzen duenez, aurrekontuak azaroaren bata baino lehen aurkeztu behar dira parlamentuan. Aurten, eta akordioa lortzeko asmoz, aurrekontuen aurkezpena bi astez luzatuko da.

Yolanda Barcina. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Nafarroako Gobernuak bi astez luzatu du aurrekontuak parlamentura aurkezteko epea. Legeak dioenez, aurrekontuak azaroaren bata baino lehen aurkeztu behar dira parlamentuan. Aurten, ordea, epea luzatu egingo da. Yolanda Barcinak ez dio garrantziarik eman erabakiari eta "garrantzitsuena Nafarroak aurrekontuak izatea" dela azpimarratu du.

Nafarroako presidenteak komunikabideei "aurrekontuak izatearen garrantzia" azpimarratu die eta aurrekontuak zehatz mehatz noiz aurkeztuko dituzten ezin duela esan adierazi du.

"Aurrekontua izatea baikorra izango litzateke Nafarroako egonkontasunarentzako. Zailtasun ekonomikoak nagusi diren une honetan, ordea, aurrekontuen luzapen bat ez da beste kasu batzuetan bezain larria. Okerragoa litzateke sarrera gehiago daudenean eta proiektu berriak aurkezten direnean luzatu beharko balira aurrekontuak", esan du.

Gaineratu duenez, "datorrena ez da proiektu berri handiak egingo diren urtea izango". "Herritarrei zerbitzuak eskaintzen jarraitzea bermatu behar dugu", adierazi du.

Bi asteko luzapen honetan, PSN alderdiarekin akordio batera heltzen saiatuko da Barcinaren Gobernua. Akordioak, ordea, zaila dirudi. PSNek esan du ez dutela murrizketa gehiagoren konplize izan nahi.

Albisteak (1)