Fagor Etxetresnak
Jaurlaritzak Fagor Etxetresnak ixteko bidean dela uste du
Erredakzioa
Tapiaren hitzetan, MCCk Fagor Etxetresnaki lagunduko dion argitzeko "jakinarazpen ofizial" baten zain daude. Langileak ere itxieraren beldur dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua ezkor agertu da gaur Fagor Etxetresnaken egoeraren inguruan, eta "agertoki guztietan txarrenerantz goaz, enpresa bat itxiko dutela dirudi", esan du.
Donostian Adegik eta Kutxabankek antolatu duten gosari batean egin ditu gipuzkoar kooperatibaren krisiaren gaineko adierazpenak Tapiak. Gero, Mondragon Korporazioari Fagor Etxetresnak erreskatatzeko deia egin dio berriz sailburuak.
"Eusko Jaurlaritzaren zeregina taldeari eta enpresari berari laguntzea, haiekin elkarlanean aritzea, da", esan du sailburuak, baina "taldeak edo enpresak laguntzarik nahi ez badu, Eusko Jaurlaritzak ez du enpresa pribatuaren tokia hartuko".
"Bideragarritasun plan zehatz eta erreala" behar dela esan du Tapiak, baina "taldearen beraren inplikazio argi eta zalantzarik gabea" ere nahitaezkoa da, haren ustez.
"Taldearen ustez hori ezin bada egin, Eusko Jaurlaritzak ez du enpresari amaiera hori ematen lagunduko", sailburuak esan duenez.
Eusko Jaurlaritza MCCren jakinarazpen ofizial baten zain dago, taldea Fagor Etxetresnakentzat funts gehiago emateko prest ote dagoen jakiteko.
Hori gertatzen ez bada, Eusko Jaurlaritzak, beste egoera batera garamatzatela ikusirik, neurriak hartuko dituela adierazi du Tapiak.
Langileek ere ziurtzat eman dute enpresaren itxiera
Fagor Etxetresnen Batzorde Sozialak (langileen ordezkariak biltzen ditu) eta beharginek bilera egin dute gaur Arrasaten, konpainiaren etorkizuna argituko duen erabakiaren zain. Enpresak ofizialki ezer jakinarazi ez badie ere, ziurtzat eman dute MCCk ez diola laguntza gehiago emango Fagor Etxetresnak kooperatibari.
Radio Euskadiri eskainitako adierazpenetan, "engainatu" egin dituztela eta "40 urteko eskarmentua duten bazkideak kalean utzi" dituztela salatu dute langileek. Halaber, egungo egoeraren erantzule egin dute Etxetresnaken zuzendaritza, eta kooperatibistei eta langileei zor dieten azalpenak emateko eskatu dute. MCC taldeko beste enpresetan kokatzeko hitza betetzeko ere eskatu dute.
Egoera salatzeko, langileek beste manifestazio bat deitu dute biharko. Martxa 18:00etan abiatuko da San Andresen (Arrasate) Fagor Etxetresnakek duten lantegitik, Goiena komunikazio taldeak aurreratu duenez.