Krisia Fagorren
Fagorren itxieraren ondorioak murrizteko lan egingo du Jaurlaritzak
Erredakzioa
Mondragon Taldearekin eta Fagor Etxetresnak kooperatibarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da Jaurlaritza, "Fagorren itxierak gizartean eta ekonomian ahalik eta eragin txikiena izan dezan".
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Europar Batasunak ezartzen dituen mugak errespetatuz, Mondragon Taldearekin eta Fagor Etxetresnak kooperatibarekin elkarlanean aritzeko prest dago "Fagorren itxierak gizartean eta ekonomian ahalik eta eragin txikiena izan dezan".
Mondragon Taldearen erabakiaren ondotik, prentsa-oharra kaleratu du Jaurlaritzak. Bertan, Jaurlaritzak berretsi egin du prest zegoela Fagorren bideragarritasun plan batean parte hartzeko. Plan horrek, betiere, "erreala eta egingarria" izan behar zuen, eta Mondragon Taldearen konpromisoa behar zuen.
Baldintza horiek betetzen ez direla baieztatuta, Iñigo Urkulluren exekutiboak "bazkide eta langileen atsekabea" ulertzen duela adierazi du, eta ezagutzen dituela Fagorren itxierak "enpleguan eta ekonomian izan ditzakeen ondorio txarrak".
Enpresaren itxierak "gizartean eta ekonomian ahalik eta eragin txikiena izateko bide guztiak" babestearen alde agertu da Jaurlaritza.
"Zuzenean edo zeharka Fagorren menpe zeuden familiek bizi duten egoerarekin bat egiten dugu, baita krisiaren eraginez lana galdu duten Euskadiko milaka familiekin ere", azpimarratu du.