Krisia Fagorren
Bizkaiko Foru Aldundiak 3 milioi euro emango dizkio Edesari ez ixteko
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak Fagor Etxetresnakeko zuzendaritzarekin adostu du Basauriko Edesa lantegia hartzekodunen aurrekonkurtsotik ateratzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bizkaiko Foru Aldundiak Fagor Etxetresnakeko zuzendaritzarekin adostutakoaren arabera, Basauriko Edesa planta hartzekodunen aurrekonkurtsotik aterako dute. Aldundiak hiru milioi euro jarriko ditu hornitzaileei ordaindu eta lanean jarraitu ahal izateko. Berria Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eman du.
Fagorren egoeraren inguruan Eusko Jaurlaritzan egindako bileraren amaieran egin du iragarpena Bilbaok. Ahaldun nagusiak adierazi duenez, Fagor Etxetresnakeko zuzendaritzarekin adostu du Basauriko enpresa hartzekodunen aurrekonkurtsotik ateratzea. Horren esanetan, Aldundiak 3 milioi euroko laguntza emango dio Edesari. Diru hori Edesaren hornitzaileei ordaindu eta lanean jarraitu ahal izateko erabiliko dute.
Edesak Basaurin duen lantegia "bihar bertan ireki ahal izatea" espero du Bilbaok. 200 beharginek egiten dute lan bertan.
Aldundiaren konpromisoa "albiste ona" dela esan du Andoni Busquet (EAJ) Basauriko alkateak. Neurri "oso positiboa" dela erantsi du, baina lantegiaren etorkizuna oraindik zalantzan dagoela onartu du.
"Gaurtik aurrera enpresa bideragarria izateko moduak aztertu beharko dira, baina epe laburrera saihestu beharra zegoen. Langile, herritar eta herriarentzako albiste ona da", goraipatu du alkateak.