Itxi

EAE

2014ko Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko die EH Bilduk

Erredakzioa

Koalizioak uste du ''180 graduko norabide aldaketa eta euskal herritarren ongizatea helburu izango duten politikak'' beharrezkoak direla. UPyDk ere osoko zuzenketa aurkeztuko duela aurreratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jaurlaritzak 2014rako egin dituen Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko die EH Bilduk, proiektu horretan EAJk ''eredu zaharkitu'' baten alde egin duelako. Koalizioaren hitzetan, eredu hori da ''gero eta txiroagoa den eta gero eta eskubide gutxiago dituen euskal gizarteak bizi duen egoeraren erreduna''.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak eman du koalizioaren asmoen berri. ''Azken hamarkadetako ereduaren ondorio da bizi dugun egoera zaila'', salatu du Beitialarrangoitiak. ''Bankuen zorra ordaintzeko 41.00 milioi euro lapurtu zizkigun eredu horrek, eta 2014an administrazioak banku horiekin duen zorra ordaintzea ezarri du lehentasun'', gaineratu du.

''Politika sozialen garrantzia murriztu eta inbertsioen erdia Abiadura Handiko Trenera bideratzen duen aurrekontuak ezin ditu pertsonak erdigunean jarri'', azpimarratu du Beitialarrangoitiak.

Eredu berria

''Eredu berri baten oinarriak ezarriko dituen alternatiba bat behar du Euskal Herriak'', legebiltzarkidearen hitzetan, eta oinarri horiek ''sendoak'' izan behar direla azpimarratu du.

Horretarako, ''langileek lortutako eskubideak defendatuko dituen eredu berriaren aldeko'' apustua egitea beharrezkoa dela defendatu du Beitialarrangoitiak, eta ekonomia berriaren oinarri gisa ''sektore publikoa'' jarri du.

Hala, EH Bilduk uste du ''180 graduko norabide aldaketa eta euskal herritarren ongizatea helburu izango duten politikak'' beharrezkoak direla.

UPyDk ere osoko zuzenketa

UPyDk ere osoko zuzenketa aurkeztuko duela aurreratu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)