Erreforma
Kongresuak Argindarraren Legea onartu du
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak defizit elektrikoarekin bukatu nahi du horrela, baina oposizioak konpainia elektrikoei mesede egiten diola salatu du.
Diputatuen Kongresuak onartu egin du ostegun honetan Sektore Elektrikoaren Legea. Helburua hurrengo urtetik tarifaren defizita bukatzea da, bidesariak automatikoki berritzeko sistema bat martxan jarrita.
Legeak PPren, CiUren eta EAJren babesa jaso du. Aldez aurretik, jeltzaleek energia asko kontsumitzen duten industriei kostu elektrikoa murriztea adostu zuen Exekutiboarekin.
Bestalde, 14 alderdik (tartean PSOE, IU, Amaiur eta Geroa Bai) itun bat sinatu dute, eta, horretan, PPk agintea utzi eta gero erreforma hau baliogabetzeko konpromisoa hartu dute. Izan ere, lege berria konpainia elektrikoen aldekoa dela uste dute.
Konpainia elektrikoen esanetan, elektrizitatea ekoiztea fakturetan kobratzen dutena baino garestiagoa da. Horregatik, Jose Maria Aznarren Gobernuak defizit hori finantzatzea erabaki zuen.
Orain, baina, defizit hori bukatzen saiatzeko legea onartu du, eta konpainia elektrikoek, hori aitzakia hartuta, argindarra % 10etik gora garestitu nahi dute.