Itxi

CESUR ENKANTEA

Soria: "Argindarraren prezioa ez da % 11 igoko"

Erredakzioa

Lehia Batzordeak ez du ontzat eman enkantea, "ezohiko gertakariak" egon direla argudiatuta. Soria  ministroak ziurtatu du argindarraren prezioa ez dela % 11 igoko, baina ez ditu neurriak zehaztu.

Jose Manuel Soria, Industria, Energia eta Turismo ministroa. Argazkia: EFE

Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak ez du ontzat eman atzo izandako elektrizitate enkantea, eta bertan behera uztea erabaki du, "ezohiko gertakariak" egon direla argudiatuta. Batzordeak  zehaztu duenez, "ezohiko hainbat gertakari jaso dira, aldi berean, merkatuen prezioak oso altu dauden testuinguru batean".

Enkante horren arabera, energiaren kostua % 25,6 igoko da, eta, ondorioz, argindarraren prezioak % 10,5 egingo du gora. Espainiako Gobernuak ezarriko lukeen elektrizitate-bidesarien % 1eko igoera gehitu beharko litzaioke horri. Hala, familia bakoitzak, batez beste, 100 euro gehiago ordaindu beharko lituzke argindarraren truke.

Agiri baten bidez, Lehia Batzordeak argitu du enkantea egiteko modua aldatzeko aholkua emanda duela lau urtetik. Handizkako merkatuan prezioak ezartzerakoan gertatzen ari diren "ohiz kanpoko mugimenduak" aztertzeko ikerketa bide bat zabalduta dutela ere gaineratu du.

Enkantea bertan behera uzteko erabakia goizaldean hartu du Lehia Batzordeak, 04:15ean hain zuzen. Ordu horretan helarazi dio erabakia Estatuko Energia Idazkaritzari eta  Espainiako Merkatuaren Operadoreari, eta azken erakunde horri zegokion enkantean parte hartu zuten eragile guztiei jakinaraztea.

Soria: "Argindarraren prezioa ez da % 11 igoko, inolaz ere"

Urtarriletik aurrera argindarraren prezioa % 11 igo daitekeen berriak zalaparta handia sortu zuen atzo. Gaur, Lehia Batzordearen erabakiaren berri izan eta gero, Soriak ziurtatu du argindarraren prezioa ez dela % 11 igoko, baina ez ditu zehaztu hori hala izateko hartuko dituzten neurriak. Halaber, ministroak jakinarazi du enkanteen araudia berrikusiko dutela, eta, berriro halakorik gerta ez dadin, aldaketak egingo dituztela.

Tarifa elektrikoaren oinarria ezartzeko bi aldagai hartzen dira kontuan: elektrizitate-bidesaria eta energiaren kostua. Bi aldagaion batuketari zergak gehitu behar zaizkio. Bidesariak Gobernuak ezartzen ditu, dagokion ministerioaren aginduaren bidez. Energiaren kostua, berriz, alorreko eragileek hiru hilean behin egiten duten enkantean erabakitzen da.

"Enkanteen araudian zenbait aldaketa jasotzeko ordua iritsi da, sistema aldatzeko aukera baztertu gabe", esan du ministroak RNEn egin dioten elkarrizketan. "Argindarraren prezioa ez da % 11 igoko, inolaz ere", zehaztu du, eta egoera berria aztertzen ari direla adierazi du.

Elektrizitate konpainien jarrerari buruz galdetuta, Soriak esan du "oso bitxia" dela hasiera hasieratik konpainiok prozesua gardena izan dela esatean erakutsi duten "segurtasuna". "Manipulazioa egon den zantzurik bagenuen. Prozesu gardena izan dela esateko, ez dakit zertan oinarritzen diren elektrizitate konpainiak, orduak aurrera doazen heinean argi geratzen ari baita ez dela hala izan", gaineratu du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)