Itxi

Osoko bilkura

2014ko Aurrekontuak onartu dituzte Legebiltzarrean

Erredakzioa

Aurrekontuak EAJren botoekin eta PSE-EE eta PPren abstentzioari esker onartu dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Legebiltzarrak 2014ko Aurrekontuak onartu ditu gaur, EAJren botoekin eta PSE-EE eta PPren abstentzioari esker. Iñigo Urkulluren Gobernuak aurrekontuak onartzea lortzen duen lehenengo aldia da.

Gaurko azken izapidea igarota, 2014an 10.215 milioi euro izango ditu gastatzeko Eusko Jaurlaritzak, 2013an baino % 9,6 gehiago. Igoera horrek batez ere Enplegu eta Gizarte Politika Sailean izango du isla, % 20 haziko baita. Osasun Sailak ere % 2,7ko igoera izango du.

25 milioi euroko zuzenketak adostu zituzten jeltzaleek eta sozialistek. Alderdi Popularrarekin, berriz, hiru milioiko moldaketak adostu zituen EAJk. EH Bilduk eta UPyDk kontrako botoa eman dute.

Gauzak horrela, datorren urterako EAEko Aurrekontuak 10.215 milioi eurokoak izango dira, 2013rako aurkeztu baina onartu ez zen proiektuan baino %9,6 gehiago. Baliabide gehien izango dituzten sailak Osasuna (3.354 milioi) eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura (2.765 milioi) dira.

Ondoren daude Enplegu eta Gizarte Politikak (953,6 milioi), Ingurumen eta Lurralde Politika (653,5 milioi), Segurtasuna (608,8 milioi), Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuna (418,8 milioi), Administrazio Publiko eta Justizia (220,4 milioi) eta Lehendakaritza (102,6 milioi).

Iñigo Urkulluk zuzentzen duen Jaurlaritzak onartzea lortu duen lehen Aurrekontu proiektua da, eta EAJren aldeko 27 bozei eta PSE-EEko (16) eta PPko (10) legebiltzarkideen abstentzioari esker aurrera atera ahal izan dute.

Azken asteetan EAJk sozialistekin eta popularrekin lorturiko akordioei esker lortu ditu Jaurlaritzak PSE-EEren eta PPren abstentzioak. Itun horien ondorioz, jeltzaleek eta sozialistek 25 milioi euro inguruan zenbatetsitako zuzenketak adostu dituzte, EAJk eta PPk hiru milioi ingurukoak itundu dituzten bitartean.

Eztabaida

Eztabaida amaitzean, Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak erakundeen arteko “egonkortasun giroa” baloratu egin du. Gaur onartutako Aurrekontuei esker, Euskadiko ekonomiak “hobera” egingo duela adierazi du. Gatzagaetxebarriaren hitzetan, datorren urtean % 0,9 edo % 1 haziko da EAEko ekonomia.

Josune Gorospek (EAJ) Jaurlaritzaren egitasmoa defendatu du, “ahalik eta sozialena” zelako eta “egonkortasun politikoa eta instituzionala” ekarriko duelako.

Oskar Matutek (EH Bildu) EAJri, PSE-EEri eta PPri “gutxiengo baten pribilegioen bermatzaileak” izatea aukeratu izana egotzi die. Gizarte politika berriak egiteko burujabetzaren aldeko apustua egin du Matutek.

Jose Antonio Pastorren (PSE-EE) hitzetan, lehendakariak lortu du babes gutxien izan duten Aurrekontuak Legebiltzarrean onartzea (75 legebiltzarkidetik 27). Hemendik aurrera, Legebiltzarrean duen “konfidantza eskasa” handitzea bere lana izango dela esan dio Pastorrek Urkulluri.

Anton Damboreneak (PP) azaldu duenez, Jaurlaritzarekin Aurrekontuak betetzeko hitzarmena lortu zuten popularrek. Enplegua sortzea da PPren helburu nagusia, Damborenearen hitzetan.

UPyDren iritziz, Jaurlaritzaren Aurrekontuek “murrizketak eta doikuntzak” bermatu egingo dituzte.

Albisteak (2)

Bideoak (1)