Ekarpen subordinatuak
Kaltedunek Eroskiko ekarpenak salatu dituzte Nafarroako Parlamentuan
Erredakzioa
Foru Gobernuarekin ez dutela inolako harremanik izan deitoratu dute.
Eroskik eta Fagorrek kaleratu zituzten finantza-ekarpen subordinatuak erosi zituzten bezeroak batzen dituen Kaltedunak elkarteak agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuan, euren egoera salatzeko, PSNk eskatuta.
Jose Antonio Urrutia elkarteko bozeramaileak Iruñeko Ganberan azaldu duenez, kaltedunek ez dute inolako harremanik izan Foru Gobernuarekin.
Agerraldian egindako adierazpenen arabera, euren egoeraren erantzuleak ekarpenen igorleak, legea egin zutenak, saldu egin zituzten bankuak eta Balore Merkatuko Batzorde Nazionala (CNMV) direla salatu dute.
Kaltedunak dezepzionatuta agertu dira Eusko Jaurlaritzarekin eta Mondragon taldearekin. Jaurlaritza "enpresaren alde" agertu izana kritikatu dute, eta kooperatibak ekarpenen jaulkipenarekin zerikusirik ez duela esan zielako.
"Ofiziala ez bada ere", Kontsumobidek, Eroskik eta bankuek "akordioren bat" lortu dutela uste dute kaltedunek, eta hori "ez da batere ona izango guretzat".
"Jo dezakegun beste bidea judiziala da, ate guztietara deitu dugu, baina guztiak itxi egin dira", nabarmendu dute.