Plana
Iraupen luzeko langabeentzako programa bat bultzatuko dute Bizkaian
Erredakzioa
Aldundiak 17,5 milioi euro erabiliko ditu 2014an Enpleguaren Plana sustatzeko. Aipatutako programa egiteaz gain, gazteentzako kontratu mugagabeak bultzatuko dituzte.
Bizkaiko Aldundiak, 2014an Enpleguaren Planaren barnean abiatuko dituen ekimenen artean, iraupen luzeko langabeentzako programa bat bultzatuko du. Planak 17,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, eta beste berritasun bat ere badu: gazteentzako kontratu mugagabeak bultzatuko ditu. Planaren programa desberdinen bidez, 2.400 lagun kontratatzea eta 1.325 gaztek lana lortzeko duten ahalmena handitzea espero dute.
Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak azaldu duenez, "anbizio oso handiko helburuak dira, baina beharrezkoak dira 2014 bezalako urte batean, oso garrantzitsua den urte honetan". Planak, aurten, 4 milioi euro gehiago ditu, jarduera berriak garatzeko eta orain arte zeudenak beste lau eremutan ere zabaltzeko.
Hortaz, enplegua eta eskualdea suspertzeko planetarako, 1,5 milioi aurreikusi dituzte; Lan Berri iraupen luzeko langabeen programak 1,12 milioi izango ditu (batez ere, 45 urte baino gehiagoko lagunei dago zuzenduta); 30 urte baino gutxiagoko langabeei kontratu mugagabeak egitea bultzatzeko ere, 1,12 milioi erabiliko dituzte; eta Talentia beken bidez, 250.000 euro emango dituzte.