Itxi

NDFren txostena

Soldatak jaisteko gomendatu dio NDFk Espainiari, enplegua sor dadin

Erredakzioa

Nazioarteko Diru Funtsaren aburuz, "2010 urtetik Espainian izan den soldaten jaitsiera ez da nahikoa izan".

Christine Lagarde, NDFko zuzendaria. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) adierazi duenez, “2010 urtetik Espainian izan den soldaten jaitsiera ez da nahikoa izan aurreko urteetan izandako gehiegizko igoerak konpentsatzeko”. Horrek guztiak langabeziaren hazkundea eragin duela zehaztu du txosten batean NDFk.

Europako hazkundea eta enplegua berriro jardunean jartzearen inguruan NDFk txostena argitaratu du eta bertan jaso ditu gomendioak.

Dokumentuaren arabera, lan konpentsazio nominala 6 puntu eta 4 puntu igo ziren hurrenez hurren 2008 eta 2009an, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan soldatak astiroago igo ziren bitartean. “Agente sozialekin lotutako akordioei esker, 2010 urtetik soldatak jaitsi egin dira, baina  ez da nahikoa izan 2008-2009 urteetan metatutako aldeari aurre egiteko”, dio NDFk.

NDFren txotenak “kontingentzia planak” prestatzearen aldeko apustua ere egin du. Hala nola, negoziazio kolektiborako aukerazko sistema batean aurrera egitea.

Diru Funtsaren aburuz, Espainiako langabezia tasa altua ez da higiezinen burbuilaren ondorio soilik. “Soldaten zorroztasunaren, lan baldintzen malgutasun eskasaren eta lan merkatuaren dualismoaren ondorio da”, zehaztu du.

NDFk dioenez, Espainiako lan erreformaren arrakasta auzitegiek “interpretazio zorrotzak”  ez egitearekin lotuta dago. Era berean, Espainiako Gobernuari aldi baterako kontratuen eta lan-kontratu finkoen harmonizazioaren arloan hobekuntzak egiteko eta lan-hitzarmenen luzapen automatikoarekin amaitzeko eskatu dio.

PSOEren eta UGTren kritikak

Nazioarteko Diru Funtsak egindako gomendioek kritikak ere jaso dituzte. Trinidad Jimenezek, PSOEren Gizarte Politika idazkariak, Espainia bisitatzeko gonbitea luzatu die NDFko arduradunei “Espainiako langileek dituzten soldatak jada Europako baxuenak direla bertatik bertara ikus dezaten”.

UGTk, bestalde, NDFk egindako proposamena “Espainiak behar duenaren guztiz aurkakoa” dela uste du. “Erosketa ahalmena handituko duten soldata eta prestazioak behar dira”, zehaztu du sindikatuak.

Albisteak (3)