Ekonomia Foroa
Munduko agintari ekonomikoak, Bilbon
Erredakzioa
Guggenheim museoak GFS Global Forum Spain 2014 goi-bilera ekonomikoa hartuko du gaur. Besteak beste, Christine Lagarde (NDF) izango da bertan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mundu mailako ekonomia goi-bilera hartuko du gaur Bilbok, Euroguneko hazkunde ekonomikoa erdigunean jarrita. Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria buru dela, mundu osoko ekonomia adituak eta agintariak bilduko ditu. Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea ere bertan izango da.
Guggenheim museoak GFS Global Forum Spain 2014 goi-bilera ekonomikoa hartuko du, Kanpo Merkataritza Institutuak antolatuta. Irekiera hitzaldia Espainiako erregeak egingo du, Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan dela. Itxiera ekitaldiko diskurtsoa, berriz, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eta Luis de Guindos Ekonomia ministroak eskainiko dute.
"Espainia: egonkortasunetik hazkundera" goiburupean, zazpi mahai-inguru egingo dituzte denera. Europako komisarioak, hainbat ekonomia erakundetako zuzendariak eta Espainiako enpresa nagusietako presidenteak izango dira eztabaida-gune horietan.
Euroguneko ekonomiaz arituko dira oro har, baina begirada Espainiari zuzenduta; besteak beste, Espainiak susperraldi ekonomikorako bidea hartu duen edo oraindik egoera egonkortzeko murrizketa gehiago beharko diren aztertuko dute adituek.
Espainiako erregea atzo bertan izan zen Bilbon, eta Iñaki Azkuna alkatea etxean bisitatu zuen. Azkuna erori egin zen duela astebete, eta etxean osatzen ari da. Horregatik ez du parte hartuko foro horretan.
Irekiera hitzaldiaren ondotik, Lagardek ekingo dio saioari, eta hasteko, mahai gainean jarriko duen galdera, honakoa: "Hazkunde ekonomiko jasangarriaren atarian al dago Europa?". Dijsselbloemek ere gai horri helduko dio bere agerraldian.
Enpresa txikien eta ertainen finantzazioaren inguruko hausnarketa egingo dute hirugarren mahai-inguruan, Werner Hoyer Europako Inbertsio Bankuko presidenteak eta Maria Luis Albuquerque Portugalgo Finantza ministroak zuzenduta.
"Europaren lehiakortasuna mundu globalean" izenburua duen eztabaidak hartuko du ondoren lekua; Michel Barnier Europako Barne Merkatuko eta Zerbitzuetako komisarioa izango da hizlaria, eta ondoan izango ditu Espainiako enpresa handienetako buruak: Cesar Alierta (Telefonica), Francisco Gonzalez (BBVA), Pablo Isla (Inditex) eta Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola).
Bazkalostean, berriz, Lankidetzarako eta Garapen Ekonomikorako Erakundeko idazkari nagusiak, Angel Gurriak, hartuko du hitza, "Europan erreformak: aurrerapenak eta erronkak" gaia lantzeko. Ondotik, Karel de Gucht Europako Merkataritza komisarioaren txanda izango da, "Globalizazioaren aukerak Europako enpresentzat" gai hartuta. Honek ere Espainiako hainbat enpresaburu izango ditu alboan gaia jorratzeko: Jose Llado (Tecnicas Reunidas), Carlos Palacio (Talgo), Francisco Riberas (Gestamp) eta Jorge Sedagorta (Sener).
Azken mahai-ingurua Joaquin Almunia Lehiarako komisarioak zuzenduko du, "Produktibitatea, berrikuntza eta lehiakortasuna" goiburu duela. Jose Manuel Soria Espainiako Energia, Industria eta Turismo ministroa izango du mahaikide Almuniak, Rosa Garcia (Siemens España) eta Jose Vicente de los Mozos (Renault España) enpresaburuekin batera.
Itxiera ekitaldia Rajoy eta De Guindosen eskutik etorriko da, eta Start-ex sariak banatuta itxiko ditu ateak goi-bilerak.
Orotara 400 gonbidatuk hartuko dute parte foroan. Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko 50 hedabidetako 230 kazetari daude akreditatuta bilera jarraitzeko.
Kanpo Merkataritza Institutuak antolatutako bilera Bilbora ekartzeko lehen saiakerak PPk egin zituen, eta EAJren babesa jaso zuen ondoren.
Protestak
Kritika ugari piztu du goi-bilerak, eta protesta ekitaldi ugari antolatu dituzte, foro ekonomikoan defendatuko dituzten politika ekonomikoak salatzeko. Atzo, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deituta, manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon. Gaurko beste martxa bat deitu dute sindikatu abertzaleek, EH Bilduren babesarekin.
Bizkaiko Elizak ere zorrotz kritikatu du goi-bilera; Caritasek eta beste eliz elkarte batzuek salatu dutenez, eragile sozialen, langabeen eta txirotasunean bizi diren pertsonen presentzia falta da foro honetan.
Bilbon eta inguruetan segurtasuna bermatzeko, Ertzaintzak, Polizia Nazionalarekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean, dispositibo berezia jarriko du abian, Bizkaiko hiriburuan inoiz ezagutu den segurtasun-dispositiborik handiena.