Goi-bilera ekonomikoa Bilbon
Espainiako erregeak Iñaki Azkuna bisitatu du
Erredakzioa
Erregea igande gauean izan zen Azkunaren etxean. Bilboko alkatea ez da Ekonomia Foroan izango, osasun arazoak direla eta.
Espainiako Erregea Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen etxera joan zen igande gauean, bisitan. Azkuna ez da Ekonomia Foroan izango, joan den astean erorikoa izan zuelako.
Juan Carlos erregea Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariarekin eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentearekin bildu zen atzo arratsaldean. Batzarra amaituta, Azkunaren etxera joan zen.
EFE agentziak errege-etxearen iturriak aipatuta jakinarazi duenez, aspalditik dira lagunak, eta atzoko bisita erregeak Azkunari egindako "maitasun keinu bat" izan zen.
Azkunak erorikoa izan zuen joan den otsailaren 23an, eta Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten. Bi egun geroago, alta eman zioten.
Bertan egoteko ahaleginak egin arren, Azkuna ez da Ekonomia Foroaren inaugurazio-ekitaldian izango, antolatzaileek atzo baieztatu zutenez.