Produkzio industriala
Enplegua sortzeko elkarrizketa sozialerako deia egin du Urkulluk
Erredakzioa
Lehendakariaren hitzetan, azken datuen arabera, produkzio industriala hazten ari da EAEn eta joera hori egonkortzea espero du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakaria egoera ekonomikoaz baikor agertu da gaur. Azken hilabeteotako datu ekonomikoak ikusita, errekuperaziorako zantzuak egon badaudela esan du, prozesua astiro joango bada ere. Aktibitate ekonomikoak goranzko joera hartuko duen itxaropena du, epe luzera begira. Lehendakariaren hitzetan, azken datuen arabera, produkzio industriala hazten ari da EAEn eta joera hori egonkortzea espero du.
Oiartzunen egin ditu adierazpenok Urkulluk, Niessen ABB enpresak ehun urte bete dituela ospatzeko egin den ekitaldi ofizialean. EAEko produkzio industrialak 2014ko otsailean utzitako datuei erreparatu die lehendakariak, bere hitzaldian; txikia bada ere, urtebeteko hazkundea % 1ekoa izan da, hiru-hilekoa %1,5ekoa. "Goranzko joera baten aurrean gaudela dirudi, ziklo baten hasiera izatea espero dugu", esan du.
Urkullurekin batera, Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiarako sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Ganberako presidentea izan dira, besteak beste, Oiartzungo ekitaldian. Carlos Marcos ABB enpresak Espainian eta Portugalen duen kontseilari ordezkaria ere han egon da.
Enplegua sortzeko eta akordioak lortzeko bidean, Urkulluk ezinbestekotzat jo du elkarrizketa soziala. Bere hitzetan, errekuperazioa eta enplegua berreskuratzeko ezinbesteko tresna izango da elkarrizketa soziala.
Niessen ABBren lana goratu du lehendakariak. Munduari irekita dagoen enpresa eredugarria dela esan du.