Itxi

Auzitegi Nazionala

Hobetuz fundazioak 26 milioi euro itzuli beharko dizkio Estatuari

Erredakzioa

Langileak prestatzeko 1999. urtean Espainiako Gobernuaren partetik jaso zuen dirutik, erabili gabe utzi zuenari dagokiona itzuli beharko du.

Auzitegi Nazionala. EiTB

Auzitegi Nazionalak Hobetuz fundazioari agindu dio 26 milioi euro itzuli behar dizkiola Espainiako Estatuari; izan ere, langileen enplegu eta prestakuntzarako euskal fundazioak, 1999. urtean Estatuaren aldetik ikastaroetarako jaso zuen dirutik, parte bat erabili gabe utzi zuen.

Auzitegiak erabaki duenez, laguntzetan gastatu gabe geratu ziren 16 milioi euro itzuli beharko ditu, eta 9,5 milioi interesetan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, Gasteizko Gobernuak "zeharka" jakin du epaiaren edukia, ez baitago nahasita prozesuan.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak argi utzi nahi izan du, epaiak agertzen duen moduan, Euskadiko prestakuntza sistemaren zintzotasun eta garbitasunak ez duela "zalantza izpirik", eta deitoratu egin ditu auzi hau Andaluziako eta Madrileko ustelkeria kasuekin nahasteko izan diren "ahaleginak".

Erkorekak azaldu du, Jaurlaritzak jakin ahal izan duenez, Auzitegi Nazionalaren epaiak “gehiegizkotzat” jo duela Estatuak eskatutakoa, eta “berriz kalkulatzeko” eskatu diola.

Jaurlaritzak prestakuntzaren eskuduntza 2010. urtean jaso zuela eta epaitutakoa 1999. urtekoa dela gogorarazi du Erkorekak.