Zentral nuklearra
Garoñari buruzko informazio gehiago eskatu dio CSNk Nuclenorri
Erredakzioa
Hortaz, zentral nuklearraren etorkizunari buruzko erabakia atzeratu egingo da. CSNren txostena negatiboa bada, zentrala itxi beste aukerarik ez da geldituko.
Garoñari buruzko informazio gehiago eskatu dio Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) Nuclenorri, zentral nuklearra berriz irekitzea bideragarria den erabakitzeko. Izan ere, Nuclenorrek zentrala 2031. urtera arte zabalik izateko eskaria egin du.
Garoñaren jabea den Nuclenor enpresak (Endesa eta Iberdrolak % 50eko partaidetza dute bertan) maiatzaren 27an egin zuen eskaria, eta bi egun geroago Espainiako Gobernuak txostena egiteko eskatu zion CSNri.
Zentral nuklearra berriz martxan jartzeko egindako eskaria mahai gainean izan du gaur Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, baina azkenean Nuclenorri informazio gehiago eskatzea adostu du, eta, honenbestez, azken erabakia atzeratu egingo da.
CSNren txosten teknikoa zentrala ixtearen aldekoak bada, Garoña behin betiko itxi beste biderik ez da geratuko. Aldiz, zabalik mantentzearen alde agertzen bada, Espainiako Gobernuak izango du azken hitza. Garoñak 60 urte beteko ditu 2031. urtean.
Garoña martxan jartzeko eskatuko diren neurriak "ez dira nahikoak"
Garoñako zentral nuklearra berriz martxan jartzeko eskatuko diren neurriak "ez dira nahikoak" Francisco Castejon fisikari nuklearraren arabera. Horren iritziz, hartuko diren neurriek ez dituzte lehen mailako zirkuituko korrosioa edota ontziko arazoak konponduko.
Belgikako Gobernuak Doel 3 y Tihange 2 Belgikako zentral nuklearrak geldiarazi egin ditu ontziaren altzairuan atzemandako pitzadurak tarteko. Hain zuzen ere, fabrikatzaile berak eraiki zuen Garoñako zentrala. "Konponketak egitea baino, zentzudunagoa litzateke ixtea", gaineratu du Castejonek.