Merkatua banatzea egotzita
Euskal eskoletan jantokiak kudeatzen dituzten enpresak zigortu dituzte
Erredakzioa
Azken hamarkadan euskal eskola publikoetan zerbitzua eman duten zazpi enpresak zigortzeko prozedura abiatu du Lehiaren Euskal Agintaritzak, salneurriak adosteagatik, salaketa jaso ostean.
Lehiaren Euskal Agintaritzak zigor-prozedura bat abiarazi du azken hamarkadan euskal eskola publikoetako jantokietan zerbitzua eman duten zazpi enpresen jarduera ikertzeko, erakunde horrek jakinarazi duenez.
Lehiaren Euskal Agintaritzak ikerketa abiatu du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpe dauden ikastetxe publikoetako jantokietan zerbitzua ematen duten enpresek merkatua banatu eta prezioak adostu dituzten argitzeko. Horren salaketa bat jaso ostean abiatu du ikerketa.
Enpresa horiek gutxienez 2003tik 2014ra bitartean eman dute zerbitzu hori EAEko Administrazioak zerbitzua antolatzeko esleitutako loteetako batean.
Salaketaren berri izan eta atariko ikerketa bat eginez jasotako informazioaren arabera, Lehiaren Euskal Agintaritzako ikerketa zuzendaritzaren ustez, lehiaren kontrakoak izan daitezkeen jokabideen zantzu nahikoak daude. Hori dela eta, jardunbide horiek sakonago ikertzea erabaki du.
Ikerketutako jardunbideetatik ondorioztatu daitekeenez, enpresek eskaintzak aurkezteko mekanismo bat adostu dute, merkatua euren artean banatzeko.
Ustezko akordio horren bidez, orain salatu dituzten enpresa horiek baldintza hobeak lortu dituzte eta jantokien zerbitzuaren kostua garestitu dute, bai EAEko Administrazioarentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.