Itxi

Enplegu Publikoaren Legea

Funtzio Publikoko legearen 'egiazko negoziazioa' nahi dute sindikatuek

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa mantentzeko duen konpromisoa helarazi die Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak sindikatuei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Egiazko negoziazio prozesua" abiatzeko eta Enplegu Publikoaren Lege berria adosteko eskatu diote ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Aipaturiko lege berriak 110.000 langile publikori eragingo die, besteak beste Jaurlaritzako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioetako eta Eudeleko langileei.

Eusko Jaurlaritzako eta sindikatuetako ordezkariek bilera egin dute ostegun honetan Funtzio Publikorako lege berria mahai gainean zutela. Bilera horietan administrazio autonomikoko 70.000 langileren lan baldintzak negoziatzen ari dira, besteak beste, Lakuako egoitzako, Hezkuntzako, Ertzaintzako, Osakidetzako eta Justiziako langileenak.

Gaurko bileraren ondotik, alegazioak aurkezteko epea zabalduko da eta urria amaieran edo azaroa hasieran Mahai Orokorra deituko dute, sindikatuek jakinarazi dutenez. Pauso hori gaindituta, legea Eusko Legebiltzarrera eramango dute eta Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak iragarri duenez, urtarrilean edo otsailean onartua izan daiteke.

Bileraren amaieran, Ramon Uriarte ELAko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko borondatea zalantzan jarri du, eta "koma batzuk tokiz aldatu" besterik ez duela egin nabarmendu du. Aurreproiektuak enplegu publikoa ez bermatzea, lan baldintzak indibidualizatzea eta administrazioaren euskalduntze osoa ez bultzatzea salatu du Uriartek. Halaber, aurreproiektuak Gobernuari aldebakarreko erabakiak hartzeko eta lan baldintza berriak adostasunik gabe onartzeko aukera ematen diola salatu du.

Igor Eizagirre ELAko beste ordezkariaren esanetan, aurreproiektua estatuko legeen "kopia" bat da, eta estatuko lege eredu hori Euskadira ekarri nahi izatea egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Espainiako Enplegu Publikoaren Legea Euskadin "inposatu" nahia egotzi dio Arantza Sarasola LABeko ordezkariak Eusko Jaurlaritzari. Halaber, Gobernuak "prozesu negoziatzailea irekitzeko aukerarik eman ez duela" salatu du. Gaineratu duenez, Gobernuak sindikatuen eskariei jaramon egiten dien ala ez erabakitzeko ahalmena dauka eta, beraz, "hurrengo Mahai Orokorra ez da negoziatzeko izango, informatzeko baizik".

Bestalde, CCOO sindikatuak "egiazko negoziazio prozesua" irekitzeko eta lanaldiak eta soldatak murriztea eta langileak eszedentziak hartzera behartuko dituen artikuluak kentzea eskatu du.

Arantza Agote UGTko ordezkariaren iritziz, aurreproiektuak "negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du", eta langileen eskubidea urratzeko aukerari atea irekitzen dio. Halaber, aurreproiektuaren hainbat puntutan "zehaztasun falta" dagoela salatu du.

Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa mantentzeko konpromisoa hartu du

Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa mantentzeko duen konpromisoa helarazi die Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak sindikatuei, Zearretak berak adierazi duenez.

Mahai Orokorraren bilera amaitu ostean, Andres Zearreta sailburuordeak kazetarien aurrean hitz egin du eta Jaurlaritzak enplegu publikoa mantentzeko hartutako konpromisoaren berri eman du.

Zearretak garrantzia eman dio sindikatu guztien parte hartzeari, eta aurrerantzean horiekin aldebiko bilerak egingo dituztela azpimarratu du.

Dena den, aurreproiektuak "salbuespenezko neurriak" jasotzen dituela aitortu du, baina enplegu publikoarekin "begirunetsuak" direla. Zearretaren esanetan, administrazio publikoen baliabideak modu dramatikoan gutxituko balira "salbuespenezko" neurriak hartuko lirakte. Dena den, egungo krisi garaian Eusko Jaurlaritzak enplegua mantentzea lortu duela nabarmendu du.

Bestalde, lege horrek administrazioa XXI. mendera egokitzeko duen garrantzia nabarmendu du.

Albisteak (1)

Bideoak (2)