Itxi

Osasuna

IMQk Mutualiaren prebentzio zerbitzua erosi du

Erredakzioa

Erakunde berriak IMQ Prevención izango du izena, eta EAEko konpainia handiena izango da lan-osasunean eta lan-arriskuen prebentzioan.

Zorrozaurreko IMQ. Argazkia: Efe

IMQ taldeak Mutualia prebentzio elkartea erosi du, eta dagoeneko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak onartu du operazioa, bi enpresek jakitera eman dutenez.

Erakunde berriak IMQ Prevención izango du izena, eta EAEko konpainia handiena izango da lan-osasunean eta lan-arriskuen prebentzioan: 16 milioi euroko fakturazioa du urteko, 115.000 langileri eta 5.000 enpresari ematen die zerbitzua, eta 19 zentro ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Akordio horren arabera, 235 langileko plantillari eutsiko diote, eta Jesus Dalmauk jarraituko du zuzendari gerente gisa.

IMQ Prevención enpresak lau alorretan jardungo du prebentzio zerbitzu gisa: lan-segurtasuna (prebentzio planak, arriskuen ebaluazioak, hezkuntza), industriako higienea, medikuntza eta lan-erizaintza (osasun azterketak, trebakuntza lehen laguntzan), ergonomia eta psikosoziologia aplikatua.