Eskaera Gobernuari
Nafarroak Volkswagenen BEZaren kontrako helegitea kentzea eskatu du
Erredakzioa
Onartutako deklarazi instituzionalean, “Espainiako Gobernuak geure autogobernuari eraso egiteko dinamikari oposizio zuzena” deklaratu du Nafarroako Parlamentuak.
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak deklarazio instituzional bat onartu du ostegun honetan, Gobernu zentralari Volkswagenen BEZaren kontrako helegitea kentzea eskatzeko.
Testuaren bitartez, Nafarroako Parlamentuak, “Nafarroaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harreman baketsuen mesedetan”, “Volkswagenen gaineko helegitea kentzeko edota salaketa ez formalizatzeko” eskaera egin du.
PSNk aurkeztu du deklarazio instituzionalaren puntu hori, eta UPN, PSN, Bildu, Aralar-Nabai eta Izquierda-Ezkerra alderdiek onartu dute. PPN abstenitu egin da.
Onartutako deklarazi instituzionalean, “Espainiako Gobernuak geure autogobernuari eraso egiteko dinamikari oposizio zuzena” deklaratu du Nafarroako Parlamentuak. Puntu hori PSN, Bildu, Aralar-Nabai eta I-E alderdien botoekin onartu dute; PPNk kontra egin du, eta UPN abstenitu egin da.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “legezkotasunean, Espainiako Konstituzioan eta Lorafnan oinarritutako elkarrenganako errespetuan eutsitako harremanen beharra” deklaratu du. UPNk, PSNk eta PPNk alde bozkatu dute; Bildu, Aralar-NaBai eta I-E abstenitu egin dira.