Estatuko aurrekontuak
%0,25 igoko dira pentsioak 2015ean
Iazko igoera bera izango dute, azken erreforman onartutako gutxienekoa.
Pentsioak %0,25 igoko dira 2015ean, Espainiako Gobernuak egindako azken erreforman onartutako gutxienekoa. Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua aurkeztu du gaur Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak Diputatuen Kongresuan eta horren baitan iragarri dute igoera.
Iazkoan bezala, puntu laurdena igoko dira pentsioak, legeak ahalbideratzen duen gutxienekoa. Pentsiodunen kopuruak gora egingo duenez eta batez besteko pentsioak aldatuko direnez, Gobernuak 115.669,23 milioi euro bideratuko ditu ordaindutakoaren araberako prestazioetara, iaz baino %3,2 gehiago.
Hain justu, aurrekontuen partida handiena pentsioek hartuko dute: 131.658,93 milioi euro, 2014an baino %3,3 gehiago, eta gastu osoaren %37,9.
Pentsio motei dagokionez, erretirokoak dira gastu gehien suposatuko dutenak (80.816,3 milioi euro), segidan alargun-pentsioak,(20.776,6 milioi) eta ondoren, baliaezintasuneko pentsioak (12.028 milioi), umezurtz-pentsioak (1.762,6 milioi) eta familiartekoen aldekoak (285,4 milioi).