Eztabaida Kongresuan
Montorok 'itxaropenerako' aurrekontuen defentsa egin du
Erredakzioa
Talde guztiek, PPk eta UPNk izan ezik, aurkeztu dituzte aurrekontuen kontrako osoko zuzenketak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Cristobal Montoro Ogasun ministro espainiarrak 2015erako Estatuko Aurrekontuak defendatu ditu, "itxaropenerako" eta "oparotasunerako" urte bat izango delako, okerrena pasa delako, eta Espainia "oinarri sendoen gainean" hazten ari delako. Oposizioak, berriz, gogor jo du Gobernuaren kontra, eta gezurrak esatea leporatu diote.
Talde guztiek, PPk eta UPNk izan ezik, aurkeztu dituzte datorren urterako aurrekontuen kontrako osoko zuzenketak, gaur hasi eta bihar amaituko den eztabaidan, Diputatuen Kongresuan.
Ministroaren arabera, 2015a enplegua sortzeko urte aproposa izango da, hazkundea (% 2koa) egonkortu egingo da, eta horrek "itxaropentsuago" egiten ditu.
Susperraldirako bidezidorrik eta mirarik ez dagoela azpimarratu du Montorok: "Esfortzua, lana, borondatea eta seriotasuna daude, eta Gobernuak sustatutako politika egokiak eta gizarte osoaren lana ere bai".
Ministroak berriro egin dio erreferentzia jasotako oinordekotzari (PSOEk utzitakoari), eta orain arte hura gainditzeko lan egin behar izan dutela, eta orain etorkizunari "konfiantza eta segurtasun" handiagoarekin ekin diezaioketela adierazi du.
Aurrekontuaren datu garrantzitsuenak ere aipatu ditu. Hala, gastua 347.839 milioi eurokoa izango omen da, 2014an baino % 0,4 handiagoa. Gainera, gastu sozialean joango omen da % 53,9a (aurreko urtean % 52,7), eta horren % 70,25a pentsioetara bideratuko dute, aurten baino % 3 gehiago.
Hitzaldi horren ostean, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak hartu du hitza, osoko zuzenketa defendatzeko. PP Gobernura "gezurrak esaten" iritsi zela eta orain "gezurrak esaten geratu" nahi duela esan du.
Gobernuaren aurreikuspen ekonomikoak "sinestezinak" direla gaineratu du, eta esku batekin amnistia fiskal "lotsagarriak" onartzen dituela, eta bestearekin "murrizketak" egiten dituela.
Josep Sanchez Llibre CiUren diputatuak "atsekabez" jaso ditu Montororen adierazpenak, "oposizioaren oposizio lanak" egin dituelako, eta aurrekontuak "erabat elektoralistak eta irrealak" direlakoan.
Ezker Anitzaren bozeramaileak, Jose Luis Centellak, salatu du Montoro "FAESentzat hitzaldia ematera" joan dela Kongresura: "Ez ditu aurrekontuak azaldu, ez baitu asko azaltzeko". Gainera, "sufrimendu gehiago" eragingo dutela eta "aurreikuspen sinesgaitzetan" oinarritzen direla esan du.
Rosa Diez UPyDren buruak, berriz, "mito bat erori" zaiola aitortu du, "gezurrak esateagatik sudurra ez dela hazten" ikusi duelako. Hori horrela, "ziniko"tzat jo du ministroa, eta "enpatia falta" leporatu dio.
Pedro Azpiazu EAJren diputatuak azpimarratu du "Montorok Montoro gainditu" duela, eta "Espainia ondo doan kontu horrekin gora" egin duela eta aurrekontuak Europako egoera zailean ez dituela kokatu kritikatu du.
Amaiurren aldetik, Rafa Larreinak esan du Montororen diskurtsoa errealitatetik oso urrun dagoela, kalean pobrezia eta injustizia nagusitzen direlako.
Alfredo Bosch ERCren bozeramaileak onartu du sentimendu "desatsegina" izan duela, Ogasun ministroak paretaren kontra zuela eta "lepoa estutzen eta kartera lapurtzen" ziola iruditzen zitzaiolako, eta dena "irribarre zinikoarekin".
Olaia Fernandez BNGren bozeramaileak azpimarratu du Montororen tonuak agerian uzten duela Espainiako Gobernua eta PP hauteskundea kanpainan sartu direla.
Joan Baldovi Compromiseko kidearen ustez, Montorok "ez du amonarik", hitzaldi "triunfalista" egin duelako, PPren txalo zaparraden artean.
Foro Asturiasek salatu du Montorok mahai gainean jarritako zenbakiak manipulazio hutsa edo akats larria direla.
Francisco Quevedo Nueva Canariasekoak ere hauteskundeekin lotu ditu Montororen adierazpen "euforikoak".
Uxue Barkos Geroa Baikoak ere Montororen "zinismoa" kritikatu du, Espainiaren "ustezko mirariaz" hitz egin duelako sei milioi langabe dauden bitartean.