Azpiegiturak
Gipuzkoak 9 milioi emango dizkio Bidegiri, zorrari aurre egin diezaion
Erredakzioa
Aldundiak azaldu duenez, errepideak kudeatzeko elkarteak 70 milioi euro itzuli behar dizkie bankuei datorren urtean, eta ez du horretarako nahikoa diru-sarrerarik.
Gipuzkoako Aldundiak 8,9 milioi euro bideratuko ditu Bidegi elkarte publikora, bankuekin dituen zorrei aurre egin diezaion.
Larraitz Ugarte Aldundiaren bozeramaile eta Bide Azpiegituren diputatuak jakitera eman duenez, Bidegik (Gipuzkoako errepideak kudeatzen dituen elkarte publikoak) ez du bankuekin dituen kredituak ordaintzeko nahikoa diru-sarrerarik, eta diru gehiago behar du 2015ean 70 milioi euro itzuli ahal izateko.
Ugartek azaldu duenez, Bidegik 107 milioi euro jasoko ditu datorren urtean errepidearen erabileragatik, baina 70 milioi euro itzuli behar dizkie bankuei, eta 40,8 milioi euroko inbertsioak egin.
Horregatik, Aldundiaren 2015erako aurrekontuetan 8,9 milioi euroko partida bat jarri dute elkarteari emateko.
Foru Aldundiaren arabera, datozen urteetan ere Bidegik Aldundiaren dirua jaso beharko du: 6,5 milioi euro 2016an, 15 milioi euro 2017an, eta beste 15 milioi euro 2018an.
Ugartek gogora ekarri duenez, 2011 hasieran, EAJk agintzen zuenean, elkarte publikoak 395 milioi euroko kreditua adostu zuen bankuekin, gehiena ordura arte egindako lanak ordaintzeko.
Baina Aldundiko aurreko agintariek egindako diru-sarrera aurreikuspenak ez dira bete, eta Aldundiak ordaindu beharko du zorraren zati bat.