Itxi

EHU-ren txostena

Iraupen luzeko langabeek %30 gora egin dute azken zazpi urteetan, EAEn

Erredakzioa

Luzaroko langabeen kopurua % 40koa zen 2007an, Euskadin, baina orain kolektibo osoaren % 70 da jadanik. Era berean, biztanleria ez-aktiboren kopuruak gora egin duela ohartarazi du txostenak.

Artxiboko irudia: EiTB

Luzaroko langabeen kopurua % 40koa zen 2007an, Euskadin, baina orain kolektibo osoaren % 70 da jadanik, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) BETS Hezkuntza eta Ikerketa Unitateak egindako txosten baten arabera. Sara de Rica Ekonomia katedradunak ikerketa zuzendu du.

Adituaren hitzetan, “zailtasunen” zazpi urteetan “lanean ari den biztanleria zaharkitu egin da, baina kualifikazioak gora egin du”. Horrela, unibertsitatean ikasketak egin dituzten langileen kopuruak gora egin du, % 34tik % 54ra arte. Oinarrizko hezkuntza bakarrik duten langileak, ostera, “ia desagertu egin dira”.

Bestalde, iraupen luzeko langabeziak “Euskadin lekua” hartu duela jakitera eman du ikerketak. Luzaroko langabeen portzentaje “oso handia zuen” EAEk 2007an, “Estatuarekin alderatuta”. “Hazkunde esanguratsua” izan dute 2007ko hirugarren hiruhilekotik 2014ko hirugarren hiruhilekora; izan ere, % 40 izatetik % 68,6 izatera pasa dira. Estatuan, % 20 baino gutxiago ziren 2007an, baina % 65 baino gehiago dira orain.

Era berean, biztanleria ez-aktiboren kopuruak gora egin duela ohartarazi du txostenak. Gero eta pentsiodun, ikasle eta etxeko lanak egiten dituzten pertsona gehiago daudela azaldu du ikerketak: “Ez daude lanean, ezta lanik bilatzen ere”.

2014 inflexioaren urtea izan daiteke

Lanpostuen deuseztapenak eta sorrerak krisian izandako garapena aztertuz gero, “deuseztapenak hondoa jo duela ematen du”. Sara de la Ricaren ahotan, “2014 inflexioaren urtea izan daitekeela esan genezake, lanpostuak deuseztatzeari utziko diogu”.

“Nahiz eta deuseztapenak behera egin, ez dira lanpostu asko sortzen”, ohartarazi du De la Ricak. “Hau da, ez da lanposturik deuseztatzen, ezta sortzen ere”, erantsi du.

Albisteak (4)