Akordioa
Aurrekontuak onartzeko bidea emango dio PSEk EAJri
Erredakzioa
Kontuek aurrera egin dezaten akordioa lortu dutela baieztatu dute sozialistek. EAJ akordio horretara alderdi gehiago batzeko prest dago.
PSE-EEk akordioa itxi du EAJrekin, jeltzaleei 2015eko aurrekontuak onartzeko bidea emateko, Euskadiko sozialisten iturriek baieztatu dutenez. PSEk adierazi duenez, gizarte gaietara bideratzeko 35 milioi euroko partida dago kontuetan.
Litekeena da PSEko legebiltzarkideek abstentzioaren alde egitea kontuen bozketan, EAJren kontuek aurrera egin dezaten. Hala ere, EH Bilduk, PPk eta UPyDk proiektua atzera bota eta kontrako botoa emango balute, sozialistek aldekoa emango lukete, 2015eko aurrekontuek aurrera egiteko.
Iturri sozialisten arabera, akordioa posible izan da Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak onartu egin zuelako gizarte gaietara 150 miloi gehiago bideratzea, besteak beste, kontziliazioa, kooperazioa, larrialdietarako laguntzak, enplegu politikak eta errenta bermatzeko diru-laguntzak indartzeko, eta zenbateko hori dagoeneko aurrekontuen proiektuan jasota dagoela esan dute. 150 milioi horiekin batera, beste 35 milioi ere gehitzea eskatu dute sozialistek negoziazioetan, iturri horien arabera.
EAJ, akordio horretara alderdi gehiago batzeko prest
EAJk baieztatu egin du aurreakordioa adostu duela sozialistekin, eta negoziazioa "oso aurreratuta" baina "oraindik itxi gabe" dagoela esan du. Horren harian, jeltzaleak akordio horretara alderdi gehiago batzeko prest agertu dira.