Araba
Arabako patronala: 'Maroto populista da eta enpresei erasotzen die'
Erredakzioa
SEAk esan duenez, Jarduera Ekonomikoaren Zerga azkenean % 41 igoz gero neurriaren aurkako helegitea aurkeztuko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Javier Maroto Gasteizeko alkatea (PP) modu "populista" batean ari da jarduten eta "aurrekaririk gabeko erasoa" ari zaio egiten enpresetako kaudimenari, SEAren iritziz, Jarduera Ekonomikoaren Zerga % 41 igotzeko haren erabakiarekin. Arabako patronalak iragarri duenez, helegitea jarriko du neurri horren kontra, aldatzen ez badute.
Pascal Gomez erakunde enpresarial arabarraren presidenteak SEAren adierazpen instituzionala irakurri du asteazken honetan; bertan, gogor gaitzetsi dute zerga horren igoera. PPk eta EH Bilduk adostu dute Gasteizeko Udalean, eta urtero bi milioi euro baino gehiago fakturatzen duten enpresengan izango du eragina.
Adierazpenean (irakurri ostean, kazetariek ezin izan dute galderarik egin), SEAk salatzen du zerga horren igoera "Arabako enpresen kaudimenaren aurkako aurrekaririk gabeko erasoa" dela, eta esaten du Gasteizeko eta Arabako "ibilbide fiskalarekin haustura" dela.
"Oztopatzen" duen neurria, "negozio berrien sorreraren aurka egiten baitu"
Patronalaren esanetan, hiriburua eta herrialdea "erakargarriak ziren inbertsiorako eta enpresa berriak ezartzeko", baina hau bezalako neurriek "oztopatzen dute". Izan ere, neurriaren karga fiskalak "negozio berrien sorreraren aurka egiten du".
Marotoren talde gobernuak, SEAren esanetan, patronalarekin adostutakoa ez du bete; asteazkenean SEAk esandakoaren arabera, 2015erako Jarduera Ekonomikoaren Zerga gehienez % 10 igotzea itaundu zuten.
Konpainia handiengan bakarrik izatea eragina "gezurrezkoa" da
SEAk, gainera, esan du "gezurrezkoa" eta "populista" dela esatea zerga horrek konpainia handiengan bakarrik izango duela eragina. Azaldu dutenez, Jarduera Ekonomikoaren Zergak Gasteizeko 2.000 enpresari eragiten die, eta horietako % 90 enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak dira.
Jarduera Ekonomikoaren Zergaren erreforma PPk eta EH Bilduk adostu bezala eginez gero, SEAk esan du jarritako helegiteari eutsiko diola (2014ri dagokio), eta iragarri du beste bat ere ezarriko duela, azken gorakadaren aurka. SEAren iritziz, igoera horrekin "proportzionaltasuneko eta gaitasun ekonomikoko oinarriak urratu dituzte; edozein zerga igoerak errespetatu behar ditu oinarri horiek", nabarmendu dute.