Ekarpen subordinatuak
Eroskik 22 milioi euro emango dizkie mendeko ekarpenen inbertitzaileei
Erredakzioa
Mendeko Finantza Ekarpenen interesei dagokien ordainketa izango da. Otsailaren 2tik aurrera hasiko dira inbertitzaileei dirua ematen.
MFE Mendeko Finantza Ekarpenetan inbertitu zutenei 22 milioi euro banatuko dizkie guztira Eroskik. Datorren otsailaren 2tik aurrera hasiko da ordaintzen kooperatiba. Ordainketa horretan, 2002ko eta 2004ko jaulkipenetako interes tasa % 3,562koa izango da, eta 2007koa % 3,062koa.
Eroskik gaur kaleratu duen ohar baten bidez zehaztu duenez, "2002an bere hazkundea finantzatzeko lehen jaulkipena egin zuenetik, kooperatibak zuzen ordaindu dizkie urteko interesak inbertitzaileei; dagoeneko, 314 milioi euro guztira".
Kooperatibak jakitera eman duenez, "urte hauetan guztietan, MFEn saria beti izan da % 3 baino handiagoa, Euriborra gehi hiru puntukoa izan da beti 2002ko eta 2004ko jaulkipenetan, eta % 2,5ekoa izan da diferentziala 2007koan". Rosa Carabel Eroskiko Ekonomia eta Finantza zuzendariak esan duenez, "ekarpenen jabeei urtero ordaindu zaie beren inbertsioaren balio nominalaren arabera, finantza merkatuko kotizazioa edozein izanda ere".
Haren hitzetan, "tituluaren balio nominalaren arabera egiten da MFEen urteko ordainketa, eta ezin zaio galerarik egotzi. Berme horrek berezi bihurtzen du produktua beste mendeko finantza produktu batzuekin alderatzen badugu".
Indarrean dagoen araudiaren arabera, finantza produktu honi esker, kooperatibak baliabide propioak era ditzake bere hazkundea finantzatzeko, inbertitzaileari saria ematearen truke, diruaren prezioaren eboluzioaren arabera (Euriborra) eta kooperatibaren emaitza ekonomikoak gorabehera.
Trukea egiteko auekera
Eroskik eta finantza-erakundeek akordio bat erdietsi zuten urtarrilaren 15ean finantza berregituraketarako: horren arabera, inbertitzaileek mendeko ekarpenak trukatu ahalko ditu hamabi urterako bonu batekin.
"Eroskik hasieratik erakutsi du borondatea, finantza erakunde komertzialekin batera eta Kontsumobideren bitartekaritzaz, inbertsiogileei alternatiba bat eskaintzeko, nahiz eta mendeko ekarpenek lege arau guzti-guztiak bete, ez baitute inolako hutsik", gogorarazi du Carabelek. "Trukerako alternatiba horren bitartez, tituluen jaulkitzaileok erakutsi dugu zer-nolako konpromisoa hartua dugun inbertsiogileekin, interesa dakiekeen alternatiba bat eskaintzen baitugu, iraungitze data duelako eta geure irismenean dagoelako", gaineratu du.