Itxi

Ekitaldia Donostian

Enplegua sortzeko denbora beharko dela ohartarazi du lehendakariak

Agentziak | Erredakzioa

Euskadi 'erritmo onean ari da hazten', Urkulluren hitzetan, baina 'horrek ez du esan nahi krisitik irten garenik'.

Iñigo Urkullu lehendakarik ostegun honetan adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) ''erritmo onean ari da hazten ekonomia mailan'', eta aurreikuspenak ''onak'' dira, baina ''horrek ez du esan nahi krisitik irten garenik''.

''Norabide onean goaz, baina denbora beharko dugu enplegua errekuperatzeko'', azpimarratu du Urkulluk. Horrela mintzatu da lehendakaria Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera Donostiako Easo institutu politeknikora egin duen bisitan.

Ekitaldian lehendakariak azpimarratu du EAEko Lanbide Heziketak duen ezaugarrietako bat "dinamismoa" dela, eta proiektu horren hiru "giltzarriak" nabarmendu ditu: "hezkuntza integrala, produkzio ehunarekin konplizitatea eta enplegurako orientazioa". Gainera, adierazi du nazioarte mailan ere aitortza duela lanbide heziketak.

Ildo horretan, azaldu du Lanbide Heziketa "lehentasuna" dela Eusko Jaurlaritzarentzat eta zehaztu du gaur egun 45.419 ikasle daudela matrikulatuta EAEko Lanbide Heziketako zentroetan.

Bestalde, Lanbide Heziketa Duala delakoari, hezkuntza zentroaren eta enpresaren artean txandakatzea proposatzen duenari, bultzada emango diotela esan du. Aurreko ikasturtean 241 ikaslek eta 176 enpresak parte hartu zuten proiektu horretan eta aurten, berriz, 406 ikaslek eta 311 enpresak. "Datorren urtean zenbaki horiek bikoiztea da gure helburua", iragarri du.

 

Albisteak (1)